Izarne Zelaia: 'Gidatzeko baimena'
Bikotekideak utzi zuela eta negarrez, barruak askatzeko beharrez, deitu ninduen Maitek. Kafe bat hartzeko geratuko al ginen. Agenda estu nuela gogoratu nuen, baina nola ez, Maite! erantzun nion. Elkarrizketako une batean zera esan zidan: -hala beharko zuen, ez zen niretzat pertsona egokia izango. Nire zain izango ditut garai hobeak… – Une horietan laguna babestu eta goxatzea beste helbururik ez nuenez ez nion ezezkorik eman. Nolabait bere burua kontsolatzeko bidea topatu zuen. Beraz, ez nion hariari tira. Pare bat astera, orduan bai, paseatzera joan ginen batean bota nion galdera:
– Aizu Maite, zuk patuan sinesten al duzu? Lehengoan bikoteak utzi izana hala beharko zuelako gertatuko zela esan zenidanez…
– Esateko modu bat da! Ez dut sinesten gure bizitzak idatzita daudenik, hori bada galdetu nahi zenidana- esan zidan. Orduan bera izan zen ni lasaitu ninduena. Sinetsi nahi baitut badugula gure bizitzetan eragiteko ahalmenik, eta izan bagarela, erabakiak hartzeko gai garen heinean. Are gehiago, patuaren menpe egonik, beste norbaiten menpeko izateak lekarkeen bezala, pertsona gisa hutsaren hurrengo bihurtuko ginatekeela. Penatuko ninduke lagunen bat zer etorriko den zain dagoela ikusteak, nahiz eta, zertan ukatu, nik ere bizitzako kolpe txikien aurrean tentaziorik izan dudan zerbait hobea zetorkidala pentsatzeko. Zain egotea baino, norberak bere buruari bizitzaren gidaritza baimentzea da kontua. Baina, izaki sozialak izaki, bizitza besteengandik isolatuta egiterik ez dugunez, etorkizun komun bat amesten dugunoi batera ekitea ere badagokigu.
Uztailean zabaldu da etorkizun horri begira jartzeko aukera bat. Euskal Herritarrok zer izan nahi dugun erabakitzeko, azaroan Gure Esku Dagok galdeketa egingo du Donostian. Uda amaiera arte, lau galderen artean zein galdetzea nahi genukeen bozkatu ahalko dugu donostiarrok ondorengo loturan: http://irutxulo.hitza.eus/gure-esku-dago/
Has gaitezen ba gidatzen.