Ondarretako hondartza. (Argazkia: Donostiako Udala)
Hiriko hondartzetan klima aldaketak duen eragina ezagutzeko ikerketa bat egin du Donostiako Udaleko Ingurumen sailak. Azti zentro teknologikoaren laguntzarekin egin dute, eta emaitzen berri eman dute. Kontxa, Ondarreta eta Zurriola hondartzak eta Santa Klara irlako hondartza aztertu dituzte.
Ikerketaren helburu nagusia izan da neurtzea zenbateraino laguntzen dion itsasoaren maila igotzeak kosta lerroak atzera egiteari. Emaitzen arabera, antzeko neurrian egin dute atzera Ondarreta eta Kontxako kosta lerroek: batez besteko 4, 7 eta 14 metroko balioekin 2030, 2050 eta 2100 urteetarako. Atzeratze balio txikiagoak daude Santa Klara irlari dagokionez: 1, 2 eta 5 metrokoa 2030, 2050 eta 2100 urteetarako. Aldiz, kosta lerroaren atzeratzea handiagoa da Zurriolan: 7, 11 eta 24 metrokoa 2030, 2050 eta 2100 urteetarako.
Aholkuen alorrean, hainbat dira ikerketak azpimarratu dituenak. Esaterako, iradokitzen du elementu zurrunak eta islatzaileak eta atzeraemangunea kentzea eta hondartzaren gaineko aldean lekua uztea.
Ikerketa hau
Donostia egokitu egiten da proiektuaren lau lan ardatzetako bat da, eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Bioaniztasun Fundazioaren laguntza dauka.