Lisa Eckert parkour atleta, diziplinaren erakustaldi batean. (Argazkia: Raur Mihai)
Parkourrean, hainbat diziplinatan bezala, mutilak dira nagusi. Asteburu honetan, emakumeen parte-hartzea sustatu eta diziplina praktikatzen duten emakumeak ikusgai jartzeko helburuarekin, hainbat jarduera egingo dituzte Donostian.
Parkourra edo ADD, frantsesez Art Du Deplacement eta euskaraz desplazamenduaren artea, jatorri frantseseko diziplina da eta edozein ingurunetan batetik bestera mugitzean du oinarria. Horretarako, gorputzaren trebetasunak erabiltzen dira, eta ahalmen psikomotrizak garatzea du helburu.
Espirit Concrete eta Lotzen ADD enpresek, «emakumeek emakumeentzat» diseinatutako
Emakumeak Mugimenduan egitasmoa antolatu dute asteburu honetarako. Antolatzaileen arabera, «parkourrean dagoen desparekotasunari aurre egin eta nagusiki maskulinoa den komunitate batean emakumezko praktikanteen inklusioa» sustatzeko xedea du topaketak. Egitasmoa Ladyred Management eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz antolatu dute.
Parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtekoa izan behar da, eta egitasmoaren antolatzaileek azaldu dutenez, gogor egin dute lan jarduerak edonorentzat eskuragarriak izateko; horregatik, «pozik esan dezakegu tailerretan eta entrenamenduan parte-hartzea doakoa izango dela».
Parkourra jarduera fisiko soila baino gehiago dela baieztau dute antolatzaileek eta «ahalduntzeko tresna» ere badela nabarmendu dute. Diziplina honetan lehen pausuak emateko aukeraz gain, «norberak bere burua hobeto ezagutzeko eta bakarka zein taldean egiteko gai denaz ohartzeko» gunea sortu nahi dute asteburu honetan.
Asteburuko jarduerak
Gaur, ostirala, izango da egitasmoaren lehen eguna, eta parte-hartzaileek elkar ezagutu eta talde-jarduera bat egiteko aukera izango dute. Larunbatean, aldiz, diziplinaren alderdi ezberdinak, fisikoak zein mentalak landuko dituzten tailerrak egingo dituzte emakumeentzat. Jonan Nieto antolatzaileak azaldu duenez, Zubiri-Manteo institutuaren ondoan, Alejandria kaleko 2 zenbakian, jarriko dute topalekua, 9:30ean.
Alde batetik, parkourrean psikologia eta norberaren garapen eta kontzientzia lantzeko tailerrak egingo dituzte, Kasturi Torchia eta Georgia Munroeren eskutik. Londrestik datorren atleta da Torchia, eta parkourraren balioak transmititzen esperientzia handia du. Berak gidatuko du tailerra emango duen irakasle taldea. Nazioartean eskarmentu handiko profesionalak ezagutaraztea da egitasmoko helburuetako bat. Bestetik, Art du Deplacement tailerrak egingo dituzte, ADD Academyko Diana Bruno, Klo Fillion eta Yamakasi taldeko Yann Hnutrarekin. Horrez gain, gaiaren inguruko talde-eztabaida eta defentsa pertsonalari buruzko mintegia ere egingo dituzte. Azkenik, larunbata amaitzeko, gaueko tourra egingo dute hirian zehar.
Iganderako, ‘jam’ misto bat antolatu dute, genero guztietako pertsonentzat; Intxaurrondoko Etzieta parkean elkartuko dira parte-hartzaileak, 10:00etan. Saio honetan, Torchia eta Hsturik parkourrean lehen urratsak egiteko entrenamendua gidatuko dute.