Plaza Haundi berria
Egiako auzotarrek Plaza Haundi bizilagunen beharren arabera berritu behar dela aldarrikatu dute. Proiektuaren xehetasunen berri eman die Donostiako Udalak bizilagunei.
Izen ofiziala Luis Martin Santos plaza bada ere, auzotarrek Plaza Haundi izena erabiltzen dute Egiako plaza nagusia dena izendatzeko. Urte osoan zehar, erabilera anitz izaten ditu gune honek, eta auzotarrek asko erabiltzen duten plaza izanagatik, bada denbora Egiakoek, bizilagunen beharrak betetzen ez dituela salatzen dutela.
Egia Bizirik auzo elkartearen eskaera nagusia plazako estalkia berritzea izan da, eta urteak daramatza gaia lantzen. Hala ere, abiapuntua estalkia izan bazen ere, plaza «bizilagunen beharrei egokitzeko proiektu» batean bihurtu dela azaldu du Berdaitz Gurutzeaga Egia Bizirik auzo elkarteko kideak.
2016ko otsailean, auzoko arkitekto eta aparejadore batzuen laguntzaz, eta bizilagunekin abiatutako urtebeteko gogoeten ondoren, egokitze proiektu bat osatu zuten auzo elkartekoek. Plaza Haundin bertan hainbat kartel jarri zituzten ere eraldaketaren xehetasunak emanez, auzotarrek «ideiaren irudi zehatzago bat izan zezaten».
Martxoan Plaza Haundi egokitzeko proposamena Donostiako Udalari aurkeztu zioten, eta auzotarren babesa jasotzeko asmoz, sinadura bilketa egin zuten. Eskuorrien eta Change.org plataformaren bitartez 1.000 sinadura inguru eta auzoko 25 eragileren atxikimendua lortu zituzten. Maiatzean, udaletxean erregistratu zituzten sinadurak, bi eskaerarekin: udalak prozesu parte-hartzaile bat abiatu zezala, eta ekarpenak kontuan hartzea. Pasa den abenduan, aurkeztutako aurreproiektua eta parte-hartze prozesuaren emaitzak kontuan hartuta, behin betiko proiektua aurkeztu zien udalak auzotarrei.
Auzotarren kezkak
Pasa den astean, udaleko teknikariak Egiako hainbat eragilerekin bildu ziren proiektuaren azken xehetasunak azaltzeko. Besteak beste, Sudur Kroseko antolatzaileak, Porrontxo jai batzordea, Aitzarte mendi taldea, Egia eskubaloi taldea, eta Egia Bizirik auzo elkartea egon ziren bilkuran.
Auzo elkarteko Gurutzeagak azaldu duenez, aurkeztutakoa gustatu zaie, uste dutelako bizilagunen beharretara moldatzen diren elementuek osatzen dutela proiektua:?«eserlekuak, esaterako, ez dira finkoak, eta horrek plazan egiten diren ekintzen arabera eserlekuak mugitu ahal izatea ahalbidetzen du».
Proiektu berriak bizilagunek behin eta berriz egindako eskarietako bat biltzen du, estalkiaren aldaketa, hain zuzen. Bi estalki izango ditu plazak eta hauek eutsiko dituzten zutabeak alboetara eramango dira, plazan gune ireki zabala utziz. Estalkietako batek besteak baino altuera gehiago izango du, eta baxua, azokak egiteko aproposa izango da.
Estalkiaren materiala «arina baina gogorra» da, eta azpiko aldean izango dituzten olan txuriek argitasuna emango diote plazari. Plazak auzo elkarteak proposaturiko sarbideak izango ditu, esaterako, Tejeria kaletik sarbide berri bat egongo da. Gaur egun plazaren albo batean dauden harmailak, kiroldegiaren aldeko hormara aldatuko dira, eta geldituko den hutsunean berdegune bat eta komun publiko bat jarriko dute.
Epeak
Gurutzeagak garrantzia eman nahi dio auzoan egin den prozesuari eta bizilagunen parte-hartzeari, baina nabarmendu du orain «pilota udalaren teilatuan» dagoela, eta proiektuaren gauzatzeak luze joko duela.
Udalak teknikoki eta politikoki proiektua behin betiko onartu behar du eta ondoren, proiektuaren lanen esleipena egin behar du. Auzotarrek ez daukate epe zehatzen berri, baina Gurutzeagaren ustez, proiektuaren onarpena urria aldera izango da, eta adjudikazio prozesuak bost edo sei hilabete beharko ditu.
Xehetasunak
«Pozik gaude proiektuarekin eta udalak prozesuko baldintzak bete ditu», baieztatu du Egia Bizirikeko kideak, baina hala ere, hainbat kezka dituztela gaineratu du. Alde batetik, proiektuak behar duen inbertsioaren inguruko ardura dute, izan ere, 2016. urteko udal aurrekontuan bazegoen Plaza Haundiko proiektuari bideratutako partida bat, aurreproiektuaren arabera zehaztutakoa.
Hala ere, Gurutzeagak azaldu du kopuru hori ez dela «erreala», lanen benetako aurrekontua udalak proiektua behin betiko definitu eta onartzen duenean jakingo delako, eta gaineratu du lortu nahi duten helburuetako bat udalak lanek eskatzen duten aurrekontu osoa bere gain hartzea dela.
Esan bezala, auzotarrek ez daukate proiektuaren etorkizuneko epeen berririk, eta ezjakintasun horri lanen gauzatzearen ingurukoa gehitu behar zaio:?«ez dakigu lanak jarraian egingo dituzten edo fase desberdinetan».
Gogoz hartuko dute Egiako auzotarrek Plaza Haundi berria, baina urte askotako aldarrikapena benetan gauzatu bitartean, Gurutzeagak adierazi du auzo elkartearen lana «udala presionatzea» izango dela, prozesua benetan azken burura eraman dadin. Behin Plaza Haundiko lanak bukatuta, honen erabilera sustatzea izango da epe luzerako helburua.