Garberaren handitzea eta Belartza 2ko merkataritza proiektua eteteko eskatu dute
Garberako plan berria behin betiko onartuko dute osteguneko udalbatzarrean.
Hiriko merkataritza gune handi gehiago ez eraikitzeko ezinbestekoak diren hiru eskaera egin dituzte: herritarren iritzia ezagutzea, Eusko Legebiltzarrak saltoki handien alorrean adosturikoa betetzea, eta gaiaren inguruko hausnarketa bat egitea. Plataforma osatzen dutenak ondorengoak dira: EKA, Euskal Dendak, Dendartean, ELA, LAB, UGT, CCOO, Eguzki, Haritzalde eta Belartza2 Gelditu.
“Merkataritza gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doaz, eta ez da beharrezkoa gehiago egitea. Besteak beste, ingurumenean eragin ezkorra dutelako, errepide berrien eraikuntza eragiten dutelako, kotxearen erabilera handitzen duelako, eta finean, herrien bizitza itzaltzen dutelako”, esan du Bittor Lizarribar Euskal Dendak EAEko merkatarien elkarteko presidenteak.
Aurreikusten diren merkataritza gune handi berriek egun daudenen kopurua bikoiztuko dutela salatu dute. “206.000 metro karratu daude eraikita eta beste 204.000 metro karratu eraikitzea dago aurreikusita”, azpimarratu du Lizarribarrek. Tartean daude, Garberaren handitzea, Belartza 2 eta Illunbeko saltoki handien proiektuak. “Merkatari txiki eta handien arteko oreka apurtzen dute, lana prekarizatu eta suntsitzen dute, gure herrietako ekonomia suntsitzen dute, eta eskaintza anitza duten denda txikien itxiera eragiten dute”.
Lurralde Plan Sektoriala
Ekainaren 14an Eusko Legebiltzarrak merkataritza gune handi berrien eraikuntza eta handitzeak ez baimentzea adostu zuen, behin behinean. “Merkataritza gune handiak antolatzeko Lurralde Plan Sektorial berria onartzen ez den artean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak ez aldatzea eta lizentzia berriak ez bideratzea eskatzen diegu udalei”, esan du Lizarribarrek.
Donostiako Udalak, ordea, ostegun honetan bertan onartuko ditu Garbera eta Illunbeko merkataritza planen behin betiko aldaketak, ingurumen txostena espedientean txertatuta.
Gipuzkoan merkataritza gune gehiago ez eraikitzeko eskatu du merkataritza elkarte, eragile eta sindikatuk osaturiko plataformak. Hain zuzen ere, Garberaren handitzea eta Belartza 2ko merkataritza proiektua eteteko eskatu diote Donostiako udal gobernuari, udaletxean bertan egindako prentsaurreko jendetsuan.