Memoria kolektiboa lantzeko erakusketa egingo du Cristina Enea Fundazioak
Erakusketak memoria kolektiboa lantzea du helburu eta 23 lan edo piezarekin osatuta dago, besteak beste, grabazioak eta argazkiak, baina baita eskulturak, testuak eta askotariko objektuak ere. Antolatzaileen arabera, bisitariari “memoriaren materialtasunaren inguruan hausnartzeko gonbidapena” egingo dio erakusketak, gaur egungo gizartean eta memorian oso presente dagoen garai historiko batetik zehar.
I. Pausuak deiturikoa, Uraren memoriak proiektuaren baitako lehen ariketa da eta 1936ko gerrari eta Francoren diktaduraren hastapenari begira jarriko du ikuslea. Memoria-ariketa honetan ura izango da “materia-eroalea”, munduan bizitzeko dauden moduen pentsatzea eta bizitzarekiko duen garrantzia azpimarratuz. Honen harira, ura, gatazka armatu eta migrazio bideetako elementu nagusi gisara agertzen da erakusketan.