Ane Urrutikoetxea: 'Kuadrilla'
Kanpoko lagun batek komentatu zidan behin oso arraroa iruditzen zitzaiola euskaldunon harremantzeko modua. Txikitatik aukeratzen ditugu lagunak, edo lagunok aukeratzen gaituzte, eta kitto. Hortxe bizitza osorako kuadrilla. Heldutzen goazen heinean iritsiko dira lagun berriak eta joango dira beste batzuk. Baina kuadrillak bertan dirau. Tente, gogor, haitz baten moduan.
Nire lagunak ez du apenas harremanik bere haurtzaroa partekatu zuten horiekin; eskola, institutua… handik ere, gutxi. Beharbada unibertsitateko lagun talde txikiren
bat; horiek ere, urtez-urte urruntzen. Aldiz, lagun berriak onartzeko eta harremanetan
aurrera egiteko askatasun handiagoa nabaritzen diot.
Adin kontua izango da, baina haitz gogor hori zen kuadrillak aspaldi utzi zion tente
egoteari. Hasieran oharkabean gertatzen da; laguntasunez baino konpromisoz, hau da,
hala tokatu zaizulako zure alboan izan direnekin hasten da distantzia, ez oso mingarria;
norberaren bidea aurrera doa, eta ez dago zertan atzera begiratu beharrik.
Nabarmenagoa da ordea bizitza osoan alboan dituzun horiek aldentzen ikusten
dituzunean; betirako lagunak izango zineteelakoan zeunden, onean eta txarrean, baina
egun batean gertatzen da banaketa, eta ez dago atzera bueltarik. Eta ez da ezer
gertatzen.
Mingarria gertatu daiteke lagun batzuei agur esatea; ez lagunak izateari utzi
diozuelako, zure bizitzan kapitulu erraldoi bat itxi behar duzulako baizik. Aurrera
egiteko, haitza askatu behar. Hortxe hasi nintzen sumatzen kuadrillaren pisu astuna;
laguntasunak ez luke haitz bat izan behar, bizitzaren bidean aurrera egiten lagunduko
zaituen erreka baizik.