"Jazzaldiak oso eskaintza zabala eta irekia dauka, beraz, aukeratu beharra dago"
Asko dira Jazzaldia maite duten herritarrak, eta euren egunerokoa guztiz aldatzen dute jaialdiaren datetan. Profil desberdinetako lagunekin hitz egin dugu, euren planen berri eman diezaguten.
Patri Goialde, Musikeneko zuzendaria.
Jazzaldiak oso eskaintza zabala eta irekia dauka, beraz, aukeratu beharra dago. Batetik, izar handiak ditugu, eta batzuk ikustera joango naiz. Euskal Herriko jazza ere gogoko dut, eta Iñaki Salvadorren kontzertua aukeratu dut, Mikel Laboaren musikaren ingurukoa. Musikeneko irakaslea naizenez, ikasleak ikustera ere joango naiz. Artista ezezagunagoak ikustera ere hurbilduko naiz Kursaal atzealdera, ea sorpresaren bat izaten dudan. Lanean ere arituko naiz, lau dibulgazio hitzaldi eman behar ditut eta niretzat ardura handia da. Helburua da jendeak gehiago ezagutu dezala jazz musika.