Aterki horiz bete dute Kontxa, Topoaren igarobidearen aurka
Satorralaia bizilagunen mugimenduaren ekimenez, ‘Stop metroari’ leloa zabaldu dute gaur Kontxa pasealekuan. Aterki horiak banatu dituzte paseoan zebiltzan herritarren artean, ekintza ikusgarriagoa izateko. Jende askok bat egin du protestarekin, eta prest agertu dira ‘aterki aldarrikatzaileak’ paseoan zehar eramateko.
Batzuek Kontxako bidegorritik eta bizikleta gainean eraman dute; familia batzuek, haurraren orgatxoan, eta gehienek, eskuan hartuta. Askotariko pertsonak parte hartu dute: zaharrak, gazteak, atzerritarrak…
Satorralaiako kideek Perlan eta Antiguako tunelean jarri dituzte aterkiak banatzeko postuak, eta zati horretan zabaldu dute Topoaren igarobidearen aurkako aldarria. Proiektuari buruzko informazioa ere banatu dute.