Donostiako Zuloaga plazan bukatu da gaurko ibilbidea. (Argazkia: Sare)
Baionan hasi eta Donostian amaitu da
Orain Presoak bizikleta itzuliko bigarren etapa, eta 60 lagun inguru elkartu dira Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria batu dituen ibilbidean. Baionako Barnetegian gaua pasa ondoren, goizean abiatu dira Donostiarantz. Bidarte, Biarritz, Donibane Lohizune, Ziburu eta Hendaia atzean utzita Irunen sartu da martxa. Bertan hainbat herritar izan dira zain, batzuek euren babesa eta animoak helarazteko eta besteak bizikleta gainean, itzulira batzeko.
Donostiara 16:00tan iritsi ostean ordubeteko itzulia egin dute hiriburuaren barnean, auzoz auzo, eta askotariko jendeak bat egin du bizikleta martxarekin. Zuloaga plazara iristean Sara Majarenas Orain Presoak dinamikako kideak hitza hartu du: «Iparraldean gizarte zibilaren lanaz lortutakoa hegoaldean ere bide beretik» egin nahi dutela adierazi du. Giro ederraz gozatu dute gipuzkoako hiriburuan, bihar berriro ere bizikletak hartu eta nafarroara bidea hartu aurretik indarberritzeko.