Bestelako Euskal Herri bat nahi dutenentzako jarduera bat egingo dute

kartela-ita

Euskal Herria aldatzeko jarduera bat egingo dute irailean. (Argazkia: Lurralde Askea)

Irailaren 21, 22 eta 23an egingo du Lurralde Askea komunitateak Iraultza txikien akanpada jarduera. Zubietan pasako dute asteburua, bestelako Euskal Herri baten inguruan gogoeta egiten. Antolakuntzak azaldu duenez, “eremu antipatriarkala, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua, autokritikoa, borrokalaria eta alaia” izango da. Euskal Herria aldatu nahi duten pertsona eta eragileei luzatzen diete deialdia, eta irailaren zazpiko bilerara joatera ere animatzen dituzte.

Antolakuntzak azaldu duenez, lau bloketan banatuko dute asteburua: Herri mugimendu eta eragile eraldatzaileei eragiten dieten gaien inguruko eztabaida eta gogoeta egingo dute lehenengo blokean. Bigarrenean, herri boterea eraikitzen jarraitzeko estrategiak partekatu eta adostuko dituzte. Bizitza burujabetza landuko dute hirugarren blokean, eta aurrerago jakinaraziko duten jarduera kolektibo indartsu bat egingo dute azkenekoan.

“Ikuspegi integral” batetik eta “koherentzia eraikitzea” bilatuz planteatuko dutela azaldu du antolakuntzak, dena “bizi poza nagusi izango duten herritarrek” osatutako Euskal Herri baterantz. Irailaren hasieran jakinaraziko dute egitarau osoa.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend