Protesta egin zuten igandean Parte Zaharreko bizilagunek. (Argazkia: Parte Zaharreko Gazteak)
Konstituzio plazan baloiarekin jolasteko debekuaren aurka, bertan jolasten egon ziren Parte Zaharreko bizilagunak igandean. Izan ere, aurreko astean, Konstituzio plazan baloiarekin jolasean ari ziren haur batzuei bertan jolastea debekatuta dagoela helarazi zien Udaltzaingoak. Ordenantzaren arabera, Parte Zaharrean Trinitate plazan bakarrik jolastu daiteke baloiarekin.
Ander Murua Parte Zaharreko Gazteak taldeko kideak azaldu duenez, horrekin “desados” agertu ziren, aste horretan bertan Jazzaldia zela eta Trinitate plaza okupatuta baitzegoen. Beraz, Muruaren esanetan, “haurrek debekatuta lukete baloiarekin inon jolastea” Udaltzaingoaren arabera. Horregatik, igandean adin guztietako 50 bat pertsona bildu ziren Konstituzio plazan, eta briletean eta sokasaltoan ibili ziren. Muruak adierazi du, ez zela polizia azaldu eta ez zutela inolako arazorik izan.
Muruak azaldu duenez, haiek ere umetan Konstituzio plazan baloiarekin jolasten egoten ziren, “kopak hausten” zituzten, eta abar. Baina, haren esanetan, “gorabeherak” izaten zituzten arren, “ez zen ezer gertatzen”. Horregatik, epe motzean “beste antzeko ekintzaren bat” egiteko asmoa dute.