"Aste Nagusia desberdina izango da hemendik aurrera"
Luis eta Onintza Mokoroa, Artillari Nagusi ohia eta berria
Berezia da aurtengo Aste Nagusia Mokoroatarrentzat. Izan ere, mende laurdena baino gehiago jaiei hasiera ematen dien kanoikada bota ondoren, erretiroa hartzea erabaki du Luis Mokoroak. Bere alaba Onintza eta Elias Arruabarrena txandakatuko dira kanoikada pizteko. Txilibitua eta su jaurtigailua eskuan erantzun dituzte IRUTXULOKO HITZAren galderak. Nolakoak izan ziren kanoikadaren aurreko uneak? Luis Mokoroa (L.M.): Bihotza ikutzen dizu beti une horrek. Jende guztia zure zain ikusten duzu, ea nola pizten duzun metxa… Berezia da beti. Onintza Mokoroa (O.M.): Urduri samar, bere azken kanoikada zela buruan izanik. Azken finean, ez du erabat sinetsiko bertan ikusten ez dudan arte. Sentsazio arraroa zen, guztiz gertatzen ari zenaz ohartu gabe. Eta kanoikadaren unea? L.M.: Momentuan bertan danbada handia gertatzen da, jende guztia pozik ikusten duzu, eta lasaitzen zara. O.M.: Kanoikadaren ondoren gorra geratzen zara pare bat minutuz, baina poztasuna nabaria da. Luis, oraindik urduri jartzen zara? Emozioa da batik bat, eta baita urduritasun pixka bat ere. Ez lehen bezala, baina beti akatsen beldurrez, izan ere, akatsen bat gertatzen bada zer egingo dut nik hor goian? Baina, zorte onez, ondo prestatuta egoten da lana, eta beti ondo ateratzen da. Beti daramazu zer edo zer barruan, baina azken urte honetan lasaitasun handiz joan naiz. Onintza, zer da lekukoa jaso izana? Bizitza guztia aita ikusi izan dut elkarrizketak egiten, eta leku batetik bestera. Ni beti pixka bat itzalean egon naiz. Baina, hemendik aurrera, urtean astebetez edo bi astez ospetsua izango naiz agian. Gainera, oso luzerako izatea espero dut, beste 26 urte edo gehiago. Elias eta biok Luis baino gazteago hasi gara, beraz, luzerako izatea espero dugu. Nola bizi duzue Aste Nagusia? L.M.: Kanoikadaren ondoren lasaiago. Jarduera batzuk ikustera joaten gara, eta bilobarekin egiten ditugu planak. Abordatzea ikustera joan ginen, adibidez. Bestalde, sukaldaritza lehiaketa batzuetan epaimahaiko kideak gara. O.M.: Nire Aste Nagusia aldatzen joan da. Lehen intentsitate gehiagorekin bizi nuen, parranda ia egunero egin nahi nuelako, eta gainera, gauza askotan parte hartu nahi nuen. Urte askotan hartu dut parte, esaterako, abordatzean. Bestalde, sukaldaritza lehiaketetan epaimahaiko kide gisa parte hartzea gustatzen zait. Baina, batez ere, kalera ateratzen naiz, ea zerekin egiten dudan topo. Aste Nagusia osasuntsu ikusten duzue? L.M.: Gauza desberdinak daudela ikusten dut, jende guztiarentzat. Egitaraua aldatzen joan da, eta musika eta kirola dira errege. O.M.: Nik uste dut Aste Nagusiak egitarau oso osatu bat duela, mundu guztiarentzat oso osatua. Gainera, ikusten da auzo guztietan zerbait egiteko ahalegina egiten ari direla. Baina Aste Nagusia, hasi zenetik, kanpotarrentzat izan da. Donostiarrok gauza asko aprobetxatzen ditugu, baina ez dugu hain gure sentitzen. Gehiago gustatzen zaizkit San Tomas eguna, San Sebastian eguna, estropadak, kaldereroak… Horiek dira benetan gureak. Hala ere, donostiarrok ondo aprobetxatzen dugu daukagun guztia, eta ez baleude faltan botako genituzke. Nola ikusten duzue piraten mugimendua? L.M.: Nik uste dut toki oso garrantzitsu bat betetzen dutela. Parte hartze herrikoia sustatu nahi dute, eta kanpotik ere jendea etortzen da piraten jarduerak ikustera. Oso mugimendu interesgarria da jaiaren barruan. Pentsatu behar da jaia nola hasi zen: zezenketekin, zaldi lasterketekin eta su artifizialekin. Hori asko aldatu da. Jende gehiago inplikatuta ikusten dut; piratak, kirolariak… O.M.: Piratek donostiarron parte hartzean eta antolakuntzan gabezia bat ikusi zuten, eta jai herrikoiagoak egin nahi izan zituzten. Nik uste dut lortu dutela, eta egitarau oso bateragarria dutela. Egiten duten lana oso osagarria da, eta Aste Nagusia askoz osoagoa da beraiei esker. Nolakoa izango da Aste Nagusia hemendik aurrera? L.M.: Aste Nagusia desberdina izango da hemendik aurrera. Niretzat askoz gehiago, baina hori ez da garrantzitsuena. Aurtengoa oso urte polita izan da niretzat, izan ere, jende askok zoriondu nau. Baina orain orrialdea pasatu behar dugu, eta beste batzuk etorriko dira. O.M.: Kanpoko jendearentzat ez da gehiegi aldatuko. Kanoikada antolatzen jarraituko dugu, gure lantaldearekin batera. Baina nik, pertsonalki, aita faltan botako dut. Lehenengo urteetan bere falta sumatuko dut, baina ohituko naizela espero dut.