Erasorik gabeko jaiak helburu
Indartsu dabil Donostiako mugimendu feminista azken denboran, eta jaietan gertatzen diren eraso sexisten aurkako borrokan gogor ari da; hainbat talde eta eragile dabiltza lan eta lan.
Mugimendu feministak urteak daramatza eraso sexisten aurka borrokan, hauek agerian jarri, aitortu eta erantzun kolektibo bat emateko helburuarekin. Azken urteetan, eta bereziki martxoaren 8ko greba feministak bultzaturik, borroka feminista gorantz ari da, eta nabaria da feminismo pluralen aldarrikapenekin bat egin duen pertsona kopuruaren igoera. Gero eta gehiago dira mugimendu feministaren barruan antolatzen diren pertsonak, eta beste gai askoren artean, eraso sexisten aurkako borroka da landuenetako bat.
Donostian ere eragile eta norbanako ugari dira egiturazko arazo sozial honen kontra borrokan ari direnak, eta batzuk, bereziki, jai esparruetan gertatzen diren eraso sexisten aurkako lanketa zehatza egiten ari dira, baita Aste Nagusiari begira ere.
Aurtengo Aste Nagusia hasi zenetik, lau eraso sexista salatu dira hirian. Alde batetik, gizon bat atxilotu zuten asteburuan, emakumeek pixa egiteko erabili ohi duten toki batean kalean kamerak jartzeagatik. Bestetik, emakume batek salaketa egin zuen, larunbatetik iganderako gauean, sexu abusuak direla eta. Bestalde, igandeko goizaldean gertatutako eraso baten harira Urnietako gizonezko bat koma egoeran dago, beste batek jipoitu ostean. Ustez, indarkeria sexistarekin lotutako beste kasu bat da, izan ere, erasotua emakume batekin hizketan ari zen taberna baten kanpoaldean, eta erasotzailea, emakumearen bikotekide ohia zen. Gainera, adin txikiko neska batek bortxaketa bat salatu du Donostian, abuztuaren 16ko gauean.
Zirgari lan taldea
Zirgariak, zirga izeneko soka luze batetik tiraka, ontziak ertzera edo ibaian gora mugitzen zituzten emakumeak ziren. Donostiako Piratak feminismoaren eta jai parekideen ertzera eramateko asmoz sortu den lan taldea da Zirgari. Mugimenduaren kofradietako emakumeek osatzen dute eta xede bera zuen Talaia izeneko lan taldeari erreleboa hartu dio.
Leire Bayon Aranburu Zirgariko kideak azaldu duenez, lan taldearen helburu nagusiak dira jai guneetan eraso sexistei aurre egiteko bete beharreko funtzioak zeintzuk diren zehaztea, erasoen aurrean erantzun kolektiboa bideratzea eta erasoak saihestea edo hauei erantzuna ematea pirata guztien ardura dela ikusaraztea.
Aurreko urteetan eraso sexisten aurkako protokolo bat eta telefono zenbaki bat zeukaten, norbaitek eraso bat jasan edo ikusten bazuen, deitu eta horren berri emateko. Aurten, aldiz, «protokoloari buelta batzuk eman eta mugimenduko kide guztiei ondo azaldu nahi izan diegu», azaldu du Bayonek. Bestalde, Puntu Morea sortu dute, erasotua izan den edonork erasoa salatzeko eta «batez ere, babestua sentituko den leku fisiko bat eskura izan dezan». La Flamenkaren aldamenean jarritako etxola batean kokatu dute Puntu Morea, eta gauero, Aste Nagusiak iraun bitartean, 23:30etatik 04:00ak arte, mugimenduko emakume talde bat bertan egongo da, pertsona erasotuei arreta eman eta erantzun kolektibo bat bideratzeko.
Epe luzerako hainbat erronka dituztela azaldu du Zirgarikoak: erasorik gabeko jaigune seguru bat lortzea eta Donostiako Piraten mugimendua bere osotasunean feminista izatea. «Prozesu luzea izango dela badakigu, baina indartsu sentitzen gara jaietan ere feminismoari bidea irekitzeko», aitortu du Bayonek.
Gaueko manifestazioa
Aste Nagusiko lehen larunbatean, laugarren aldiz hartu zituen Parte Zaharreko kaleak gaueko manifestazio feministak. Jaien barruan areagotzen diren eraso sexisten aurka protesta egiteko manifestazioa izateaz gain, «kaleak eta gune publikoak gure espazioa ere badirela eta kalean aske eta seguru egon nahi dugula aldarrikatzeko tokia» ere badela azaldu du Miren Mitxelena Arteagak, manifestazioaren antolakuntzako kide batek. Era berean, manifestazioan, autodefentsa feministaren aldarrikapenak protagonismo handia du, eta Mitxelenak azaldu duenez, funtzio pertsonal eta kolektiboa betetzen du: «garrantzitsua da zapaldutako generoetako horrenbeste pertsona batera eta horren indartsu ikustea;?horrek, erasoen aurrean erantzun eta defendatzeko segurtasuna ematen du».
Gaueko manifestazioa «indar erakustaldi bat» dela baieztatu du Mitxelenak, «erasotzaileei argi uzteko erasoen aurrean ez garela geldirik egongo». Urteren batean, manifestazioan zehar, hainbat tentsio egoera bizi izan direla azaldu du feministak, «gizon askorentzat, gure oihuak eta gure presentzia probokazio bat direlako eta ez dakitelako euren pribilegioak alde batera uzten».
Gaueko manifestazioa ez da edozein manifestazio feminista bezalakoa, Mitxelenaren arabera honek «esentzia propioa» dauka. «Gauean egiten den manifestazio bat izanik, badauzka bere minimoak eta bere oinarriak, eta hortik aurrera hainbat eztabaida eta ideia asko sortzen diren arren, denok norantza berdinean goaz; feminista autonomoak eta eragileetan antolatuta gaudenok hartzen dugu parte eta hori oso aberasgarria da», gaineratu du.
Etorkizunera begira, «eraso sexistak nola ematen diren, horrek baldintzatuko du manifestazio hau egiten jarraitu behar dugun edo ez», aitortu du Mitxelenak.
Groseko jaiak
Aste Nagusiari begira, eraso sexisten aurka borrokan dabiltzan hainbat eragile daude, eta era berean, auzoetako festak feminista bilakatzeko lanean dabiltzan eragileak ere badaude hirian, esaterako, Groseko Asanblada Feminista (GAF). Duela bi urte eta erdi sortu zen, auzoko hainbat militantzia esparrutako emakumeak elkartu, etaaskotariko borrokak ikuspegi feministatik lantzeko beharrak bultzatuta.
Olatz Abadia GAF-eko kidearen arabera, «jaiak aitzakia izan dira beste lanketa feminista batzuk egiteko». Lehenengo urtean, beste auzo eta herrietako eraso sexisten aurkako protokoloak aztertu eta auzora egokitutako protokoloa sortu zuten jaietarako. Gainera, brigada feministak osatu zituzten;?honela azaldu du GAF-eko Carmen Altunak: «zapi fosforitoz jantzita doazen emakumeak dira, auzoko jai guneetatik zehar joaten direnak; edonork laguntza behar badu, haiek erraz identifikatu eta haiengana jo dezake».
Aurten, protokoloa eta brigadak mantendu dituzte, eta erasoei aurre egiteko neurri berri bat sortu dute:?gune segurua. Talde feministako partaidea da Amaia Oulad, eta bere ustez, «garrantzitsua da eraso bat jasan duen emakumeari jai gunetik kanpo segurtasun eta lasaitasun espazio bat eskaintzea». Horretaz gain, aurten errotik festa feministak eraikitzeko bidean pauso bat gehiago eman dute, eta auzoko jaietako egitarauan hainbat jarduera antolatu dituzte;?Altunaren arabera, «presentzia izatea eta ikuspegi feministatik antolatutako jarduerak egotea ezinbestekoa da».
Auzoko talde feminista da lanketa bideratu duena, baina gainerako eragile eta tabernen jarrera eta konpromisoa ere nabarmendu du Abadiak.
Etorkizunean borroka feministan jarraitzeko indartsu daudela baieztatu dute, eta jaiei begira, bi erronka jarri dituzte. Alde batetik, jaien ereduaren hausnarketa egitea beharrezkoa ikusten dute, eta Ouladek azaldu duenez, «jaiak edozein talde xurgatzen duen momentua dira, eta datorren urteari begira, hori ikuskatzea garrantzitsua iruditzen zait, gure gorputz eta buruetan inpaktu gutxiago eragin dezaten». Bestetik, auzoko eragileekin lanketa feminista areagotzeko gogoa azaldu dute, feminismoarekin lotutako lan karga modu orekatuago batean banatzeko:?«Groseko Zipotz jaiak antolatzen dituzten talde eta agente guztien erronka izan behar da jaiak feministagoak izatea».
Udalaren kanpaina berezia
Badira urte batzuk Donostiako Udalak, Berdintasun Sailarekin batera, hiriko festa esanguratsuetarako kanpaina espezifiko bat sortzen duela, hala nola, Aste Nagusian, Euskal Jaietan, santomasetan, Jazzaldian, eta San Sebastian egunean. Aurten, Duñike Arrizabalaga Ugartek, Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak, azaldu duenez, Halloween festarako ere abian jarriko dute kanpaina. Iaz, salaketa gehien jaso ziren festa izan zen eta.
Jaietako eraso sexisten aurkako kanpaina espezifikoaz gain, urtean zehar askotariko eragileekin formakuntzak antolatu eta gazteentzat hainbat gaien inguruko kanpainak egiten ditu udalak; besteak beste, autodefentsa feminista ikastaroak.
Arrizabalagaren iritziz, autodefentsa feminista ikastaroak «oso positiboak dira, oso erabilgarriak direlako», gainera, adin guztietako emakumeen artean eskari handia dagoela baieztatu du. «Autodefentsa feminista emakumeok babeserako dugun ahalmena garatu edo berreskuratzeko tresna da, eta eraso matxistei aurre egiteko baliabide fisiko zein psikikoak garatzeko aukera ematen du», gaineratu du zinegotziak.
Hiriko hainbat erakunde eta organok eraso sexisten aurrean jarduteko protokolo batean parte hartzen dutela azaldu du Arrizabalagak. Honakoak dira udalarekin koordinazioan dauden agenteak: Gizarte Ekintzaren Saileko biktimen atentziorako bulegoa, Alkatetza eta Berdintasun saila. Gainera, Udaltzaingoak ere parte hartzen du, Ertzaintzarekin koordinazioan. Protokoloa lantzeko guneetako bat Berdintasun Batzordea da, eta bertan hiriko elkarte feminista eta udalak iritziak, eskaerak eta iradokizunak partekatzen dituzte. Eraso sexisten aurkako kanpainari dagokionez, Aste Nagusiaren aurretik, genero gaietan adituak diren hainbat hezitzailek, 100.000 liburuxka banatu dituztela azaldu du Arrizabalagak, eraso sexistak saihesteko aholkuekin.
Aste Nagusi osoan zehar, kanpainan biltzen den informazio guztia azaltzeko espazio fisiko bat jarri du udalak Bulebarrean eta era berean, ostalaritzako agenteek, Dbus enpresak eta taxistek ere kanpainan kolaboratzen dute. Arrizabalagak azpimarratu duenez, «jaietako kanpaina eraginkorra izateko, oso garrantzitsua da, urtean zehar, esparru desberdinetan gai honen inguruan egiten diren lanketak»
Erlazionatutako edukiaAdin txikiko neska batek bortxaketa bat salatu du Donostian