Guardetxea dantzan jarri zuen Moon eta Spunknik taldeak. (Argazkia: Batix Ezeiza)
Herenegun ospatu zuten Sardiñerek «Sardiñerraia festa askea». Aurten, izena aldatu diote, Sardiñerriatik Sardiñerraiara, festa erraietatik bizitzearen garrantzia azpimarratzeko.
Sardiñeren kofradiak lau urte daramatza Sardiñerria festa askea antolatzen. Lehen urtean, Donostiako Piratek Nautikoan jarri zuten gunean egin zuten, baina Garazi Zarauz, Sardiñeren kofradiako kideak azaldu duenez, «ez zen oso esperientzia ona izan». Alde batetik, ekaitza egon zen, eta dena bertan behera utzi behar izan zuten. Bestetik, «giri asko zeuden festan eta ez zen espazio erosoa izan guretzat; ez zuten festaren filosofia ulertu». Momentu horretatik aurrera, Urgulleko Guardetxean egin izan dute festa, eta Itxaso Piker, kofradiako kideak adierazi duenez, Sardiñerentzat «garrantzitsua da festa bertan egitea, masifikaziotik urrundu eta tamaina aldetik gure beharrak betzen dituelako;?gainera, gune autogestionatua izanik, gure balioekin bat dator».
Sardiñerria jaien inguruko hausnarketa sakon batetik datorrela azaldu dute, hirian dauden festa esparru gehienetan eredua heterosexuala eta oso normatiboa izaten delako: «eredu hori hautsi eta beste modu bateko festa sortu nahi dugu. «Guretzat esanguratsua da, masifikaziorik gabe, baina Sardiñerriara jende asko hurbiltzen dela;?horrelako espazio baten beharra dagoela uste dugu», baieztatu du Zarauzek.
Piquerren arabera, Sardiñerriaren helburu nagusia, «festa gune seguru, aske eta gozagarri bat sortzea da, gure gozamena lehentasuna bilakatzen den festa, alegia». «Festaren ezaugarri nagusietako bat da festa ikuspegi feminista batetik eraikitzen dela, eta uste dugu bertaratzen direnek argi dituztela guztiek modu askean gozatu ahal izateko errespetatu beharreko marra gorriak», gaineratu du Zarauzek.
Erraiak kanpora!
Asteazkenean egin zuten Sardiñerraia festa, eta aurten, erraia hitza erabiliz, izena aldatu diotela nabarmendu nahi izan dute: Sardiñerriatik Sardiñerraiara, hain zuzen. Piquerren arabera, «erraiek gauza asko sinbolizatzen dute, barruan daukagun hori dira;?Sardiñerraian guretzat garrantzitsuak diren elementuak festaren bidez mahaigaineratu eta jaiaren funtsa bilakatzen ditugu:?plazera, harreman osasuntsuak, zaintza, elkartasuna, gozamena, eta abar».
Gainera, LGTBIQ+ festa dela nabarmendu dute:?«pertsona guztiak ongi etorriak dira festan, baina kolektibo horren parte diren pertsonentzat gune seguru eta gozagarria bermatzea ezinbestekoa da guretzat».
Errotik feminista
Sardiñerraiaren helburua errotik feminista den festa gunea eraikitzea da, eta «pertsona guztiak aske eta eroso sentiaraziko dituen espazioa bermatzeaz gain, oholtza gainean emakumeen* –feminista askok emakume kategoria erabiltzen jarraitzen dute, egungo errealitatean politikoki eragiteko baliagarria delakoan, sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi identitate anitzak ere daudela alboratu gabe (bollerak, trans)– presentzia sustatzen dugu», azaldu dute Sardiñerek.
Alde batetik, musika munduan dauden «emakume*» artistak gonbidatzen dituzte urtero, eta bestetik, gala bat egiten hasi ziren pasa den urtean, hiriko «emakumeek* lotsak kendu eta beren ikuskizuna egin dezaten». Horrela azaldu du Piquerrek:?«bien arteko nahasketa bilatzen dugu, artisten agertokia izan nahi dugu eta baita gu eta gure ingurukoak ahalduntzeko espazio bat ere».
Aurten, berrikuntza gisa, «emakumeen* pintxada» egin dute lehen aldiz, denen parte hartzea sustatzeko.