Joselontxos txaranga Aste Nagusian jotzen, Kaian. (Argazkia: Beñat Parra)
Txarangak ezin dira falta jaietan, are gutxiago Aste Nagusia bezalako jai batzuetan. Goizez, arratsaldez edo gauez, edozein ordutan dabiltza kaleetan musika, dantza, eta, batez ere, giro ona jartzen.
Ez dira gutxi Aste Nagusian kaleetatik jotzen ari diren txarangak. Izan udalaren egitarauan, edo izan piraten jardueretan, txarangak funtsezkoak dira Aste Nagusian; «txaranga» esatea «jaia» esatea baita.
Aste Nagusiko txaranga beteranoenetako bat da Joselontxos donostiarra. Eneko Gomez tronboi-jotzaileak azaldu duenez, duela zortzi urte jo zuten estreinakoz bertan. Ordutik,urtero jo dute Aste Nagusian; bai udalarekin, eta baita piratekin ere. Gomezek dioenez, desberdina da Aste Nagusian jotzea: «Guretzat, donostiarrak izanda, berezia da beti Aste Nagusian jotzea. Zure herrian beste gogo batzuekin jotzen baituzu beti».
Ildo beretik jo dute Antigua Band txarangako Maider Salaberria eta Denis Claraco saxofoi-jotzaileek.Izan ere, Salaberriaren arabera, Aste Nagusian jotzea etxean jotzea da: «Berezia da, azken finean, etxean gaudelako. Gure izena egitarauan ikusi dugunean garrantzitsuak sentitu gara». Claracok, bere aldetik, danborradan jotzeko ametsa duela bi urte bete ondoren, beste amets bat bete du aurten: «Nire ametsetako bat Aste Nagusian jotzea zen, eta aurten bete dut».
Jendeak txarangekin gozatzen duela deritzo Claracok, haren esanetan, «dibertimendua» ematen baitiete txarangek jaiei, beti «erakargarriak» direlako. Gomez haratago doa: «Txarangak jaiaren parte dira Euskal Herriko edozein tokitan». Bestalde, haiek ere kaleetan jotzeaz gozatzen dutela gaineratu du Salaberriak: «Jendea zure musikarekin ondo pasatzen ari dela ikustea gorena da».
Harrera ona izaten du txarangen musikak kaleetan, haur, gazte zein helduak dantzara gonbidatzen baititu.
Kalejira kantu klasikoak oso ohikoak dira txaranga guztietan, ikusle gehienak helduak direnean harrera ona izaten baitute. Antigua Banden kasuan, gainera, hoberen jotzen dituzten kantak dira horiek, Salaberriaren arabera.
Baina, ikusle gazteak ere erakartzeko eta dantzan jartzeko, gero eta kanta garaikide gehiago sartzen ari dira txarangen errepertorioan. Joselontxos txarangak, esaterako, errepertorio zabala du, eta Skakeitan eta Betagarri bezalako taldeen kantak ere jotzen dituzte.
Antigua Bandekoak ere pixkanaka abesti gehiago jotzen ari dira, Kortatu taldearen kantak sartuz, besteak beste. Horrela, etorkizunean Donostiatik kanpo ere jotzea espero dute, Salaberriaren esanetan, herrietan jotzeko «errepertorio gehiago» behar baitute.
Kaleetan harrera ona badute ere, txarangen urte «onenetan» jaio ez direla deitoratu du Gomezek. Haren arabera, lehen «txaranga gehiago» zeuden eta baita txarangaren atzetik joateko ohitura gehiago ere, barnealdeko herrietan bereziki. Izan ere, herrietan Donostian baino txaranga ohitura gehiago dagoela azaldu du Gomezek.
Ohitura hori, gehiago ala gutxiago, oraindik mantentzen da. Horregatik, gero eta kontratazio gehiago izatea espero dute bai Joselontxos txarangakoek, eta baita Antigua Bandekoek ere.
Udara, txarangen sasoia
Orokorrean uda garaian izaten dute txarangek lan gehien, herri eta auzo gehienetako jaiak izaten baitira orduan. Hori da Joselontxos txarangaren kasua, Gomezen arabera: «Ekaina aldean hasten gara gehiago jotzen. Uztailean ez dugu gauza askorik, baina abuztua nahiko beteta edukitzen dugu».
Izan ere, urtean zehar danborradak dira haien emanaldi nagusiak. Gomezen esanetan, danborradetatik at «gauza gutxi» egoten da urtean zehar. Horregatik, horretaz bizitzea «ezinezkoa» dela adierazi du Gomezek.
Antigua Banden kasuan, ordea, urte eta erdi baino ez daramatzatenez, oraindik ez dituzte kontratazio asko izaten udaran. Izan ere, Claracok azaldu duenez, Aste Nagusiaz gain, ez dituzte beste emanaldi asko egin udaran. Salaberriaren arabera, momentuz emanaldi gehiago izaten dituzte neguan; danborrada, inauteriak eta kaldereroak direla medio.
Emakumeak txarangetan
Tradizionalki beti gizonez beteta egon dira txarangak, eta hein handi batean, horrela izaten jarraitzen du oraindik ere.
Hala ere, gero eta emakume gehiago ari dira txarangetan sartzen, txaranga gazteetan bereziki. Hori da Antigua Banden kasua, taldean lau emakume baitaude. Salaberriaren arabera, ez da ohikoena: «Txarangetan ohikoena emakume bat edo bi baino ez egotea da, beti gizon gehiago egoten baitira.
Gomezek azaldu duenez, haien txarangan emakume bakarra dago, hasieratik dagoena gainera. Baina, urte asko daramatzaten txarangetan emakumeak ikustea «oso zaila» dela aitortu du. Hala ere, haren aburuz, tendentzia hori aldatzen ari da, eta txaranga gazteetan emakume gehiago ikusten dira.