Gorka Sagastume eta Jaione Azurmendi. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Itzurun konpartsako buruhandia ateratzen du Jaione Azurmendik (Donostia, 1989), eta zezensuzkoa eramaten du Gorka Sagastumek (Donostia, 1972). Aste Nagusian egunero irteten dira kalera, haurrek ere jaiaz gozatu dezaten.
Zerk eraman zintuzten zezensuzkoa eta buruhandia soinean jartzera?
Gorka Sagastume (G.S.): Nik konpartsaren arduraduna ezagutzen nuen, eta Aste Nagusiko lehen egunaren bezperan beraiekin irtetea proposatu zidan. Polita iruditu zitzaidan, eta animatu egin nintzen. 20 urte igaro dira geroztik.
Gaur egun ez da horren erraza, zezensuzkoa eramateko titulu bat atera behar dugulako.
Jaione Arzamendi (J.A.): Ni ere ezagunen bitartez iritsi nintzen konpartsara, duela zortzi urte.
Jaia txikienekin ospatzen duzue. Nola bizi duzue hori?
J.A.: Niri izugarri gustatzen zait, giroa oso polita delako. Umeek ederki pasatzen dute gurekin, korrika eta dantzan, eta euren poztasuna kutsatu egiten digute.
G.S.: Ni judo irakaslea naiz, eta umeekin egiten dut lan urte osoan zehar. Jaiak ere beraiekin pasatzea oso atsegina egiten zait.
Non egiten dute negar gehiago, judoan edo zezensuzkoa ikusten dutenean?
G.S.: Zezensuzkoan, dudarik gabe! Beti egoten da beldur puntu bat umeen artean, eta horrek xarma ematen dio.
Jaietan indartsu mantentzen diren ohiturak dira zuenak. Nolako etorkizuna ikusten diezue?
J.A.: Erraldoi eta buruhandiak ikustera gero eta jende gehiago datorrela iruditzen zait. Modan jarri dela esango nuke. Iaz auzoetan irteten hasi ginen, eta ikusi genuen leku batetik bestera jende berdina zetorrela. Jarraitzaile sutsuak ditugu!
G.S.: Zezensuzkoak ateratzen direnean, manifestazio bat dirudi. Hainbeste jenderekin korrika egitea zaila egiten zaigu askotan. Luzerako etorkizuna duten ohiturak dira, zalantzarik gabe.
Nekeari eta beroari aurre egiten diozue. Zenbaitetan gogorra egiten al zaizue?
J.A.: Lehenengo urtea gogorra egin zitzaidan, buruhandiaren pisua ordu askoz eutsi behar delako, baina azkar ohitzen zara. Erraldoientzako, ordea, gogorragoa dela esango nuke, bizkarrean zama handia daramatelako.
G.S.: Gure kasuan denbora ez da arazoa, ibilbideak soilik hiruzpalau minutu irauten dituelako, baina tramankulu horrekin esprintatzea nahiko nekagarria izaten da.
Zein beste zailtasunekin egiten duzue topo?
J.A.: Kaleko oztopoekin, gehien bat. Buruhandiak ikusmena asko mugatzen digu, eta kontu handiz ibili behar dugu korrika egiterakoan.
G.S.: Helduek ere zailtasun handiak ekartzen dizkigute. Umeek errespetuz jokatzen dute, eta badakite korrika egin, eta alboratu egin behar direla. Helduak, ordea, aurrean makurtzen zaizkizu, mozkorrak datozkizu, bultzatu egiten zaituzte… Kanpotar batek, behin, plakaketa bat egin eta zezenarekin lurrera bota ninduen!
J.A.: Umeek azkar ulertzen dute hor barruan pertsona bat dagoela, baina badirudi heldu batzuei hori ahaztu egiten zaiela…
G.S.: Udalak informazio gehiago eskaini diezaioke jendeari, ekitaldi hauek ulertzera eman eta errespetarazteko.
Konpartsak parekideak al dira?
G.S.: Gurean ere ez dugu desberdintasunik egiten, baina gaur egun taldean ez daukagu emakumerik.
J.A.: Itzurunen hamar bat emakume gaude aurten. Orokorrean, izen emateko listetan gizon gehiago egoten dira, baina konpartsako kideon artean ez dugu desberdintasunik egiten.
Umeen gurasoen aldetik, ordea, badira oraindik aldatu beharreko zenbait gauza. Askotan, buruhandia daramana emakumezkoa dela ikustean, «ez beldurtu, ez du gogor jotzen», eta bestelako esaldi matxistak botatzen dituzte. Amorru handia ematen digu, eta horrelako gauzak umeei esatea ez da batere komenigarria.
Saio bakoitzaren ondoren gauza berezirik egiten al duzue?
J.A.: Ez dugu ezer berezirik egiten. Amaitzerakoan, etxera joan ohi gara, dutxatu eta kalera berriz irteteko. Baina Aste Nagusia baino lehen denok biltzen gaituen afari bat egiteko ohitura dugu.
G.S.: Gu lasterketa bakoitzaren ostean Iguana tabernara goaz mojito bat hartzera. Horri ez diogu huts egiten!
Pertsonalki, zer ematen dizue egiten duzuenak?
J.A.: Batzuetan neketsua egiten bada ere, pena merezi du. Festa bizitzeko beste modu bat da, eta saio guztiak oso pozik amaitzen ditut.
G.S.: Jende guztia suak ikusten ari denean, guri beroketak egitea tokatzen zaigu. Bakoitzak bere erara disfrutatzen du Aste Nagusia, eta guk festaren parte izaten asko gozatzen dugu.