Parente pirotekniaren aurtengo emanaldiko suak. (Argazkia: Beñat Parra)
Nazioarteko Su Artifizialen 55. Lehiaketa egiten ari dira aurtengo Aste Nagusian, eta mundu osoko maila handiko pirotekniak ari dira parte hartzen.
Kalitatea da Donostiako su artifizialen lehiaketan parte hartzen duten piroteknien ezaugarri nagusia. Izan ere, zaila izaten dute urtero epaimahaiko kideek sarituak zeintzuk izango diren erabakitzeko.
Azken hamabost urteetan lehiaketako epaimahaikide izan da Izaskun Astondoa, bere enpresak, Astondoa Pirotekniak, parte hartu duenean izan ezik. Ez du aurtengo faboritoak zeintzuk diren aitortu nahi izan, baina aurtengoak «oso onak» izaten ari direla adierazi du.
Gainera, suak oso maila altukoak badira ere, eguraldiak eta itsasoak dena baldintzatzen dutela azaldu du Astondoak. Horregatik, oso zaila izaten da batzuetan emanaldiak baloratzea
Haren ustez, su artifizialen soinua eta kolorea dira jendeak gehien baloratzen dituen ezaugarriak, bien konbinazio onak txaloak eragiten baititu ikusleen artean. Izan ere, azken traka da jendeari gehien interesatu ohi zaiona, eta traka on batek kolore eta soinu konbinazio on bat izan behar du.
Astondoa, ordea, haratago doa, eta berak «erritmoa, kolorea eta soinua» aintzat hartzen dituela azaldu du. Baina, batez ere, su artifizialek «zerua bete» eta «emozioa» sortu behar dutela nabarmendu du.
Epaimahaian zazpi kide badira ere, normalean «nahiko ados» egoten direla azaldu du Astondoak, nahiz eta bakoitzak «bere estiloa» duen.
Gaur gauean eztabaidatu beharko dute epaimahaiko kideek, beraz, urrezko, zilarrezko eta brontzezko maskorrak nori eman. Biharko sari banaketan jakinaraziko dute maskorrak Granadara, Esloveniara, Valentziara, Italiara, Alemaniara, Ourensera ala Castellora doazen.
Gazte epaimahaiak ere bere saria nori eman erabaki beharko du gaurko su artifizialen ondoren. Izan ere, biharko Goteborgs Fyrverkerifabrik piroteknia suediarraren ikuskizun piromusikala lehiaketatik kanpo dago.
Donostiarrek, ordea, igande gauerarte bozkatu ahal izango dute Publikoaren Sari Nagusia nork jasoko duen erabakitzeko.
Argazki lehiaketako parte-hartzaileek epe luzeagoa dute argazkiak aurkezteko, abuztuaren 22ra arte, hain zuzen.
Hasiera ikusgarria
Aipatu sarietaz gain, Hasiera Ikusgarrienaren Saria ere emango du aurten epaimahai ofizialak. Lehen egunean arazo teknikoen ondorioz hasiera hori atzeratu bazen ere, lehiaketak aurrera jarraitzen du.
Izan ere, aurtengo lehiaketako berritasun nagusia da emanaldi guztiak Kontxako badian dagoen plataforma batetik hasten ari direla. Astondoaren arabera, bakoitzak «bere erara» ulertu du hasiera mota hori, baina gauza «politak» egiten ari dira.
Antolatzaileen helburua, hasiera horren bitartez badian irudi bat sortzea zen. Hurrengo urteetan horrek jarraitu dezala espero du Astondoak, eta urteekin hasierak hobera joan daitezen, batez ere.