Errexufiatuen harrera duinaren aldeko manifestazioa egin dute
Txantxarreka gaztetxeak eta Hiritarron Harrera Sareak deituta, errefuxiatuen harrera duinaren aldeko manifestazioa egin dute gaur goizean, Antiguako kaleetatik zehar. Manifestazio amaieran irakurri duten adierazpenaren arabera, jakinarazi dute abuztuaren 10etik, 15 migratzailek egin dutela lo Txantxarreka gaztetxean.
Gainera, eragile ezberdinek zein norbanakoek osatzen duten Hiritarron Harrera Sarea eta Antiguako gaztetxeko kideen artean, migratzaileek dituzten beharrak asetzeko antolakuntza taldeak osatu dituztela azaldu dute: itzulpenak egiteko laguntza, otorduetarako elikagaiak eta azpiegitura bermatzea, 24 orduko zaintza eta segurtasuna bermatzea, aisialdirako hainbat aukera, eta abar.
Donostian migratzaile hauek duten baliabide bakarra Gurutze Gorriak Zorroagan duen etxea dela azaldu dute, eta salatu dute, 25 lagunentzako tokia bakarrik egoteaz gain, 3 eta 5 egun bitarteko zerbitzua bakarrik bermatzen zaiela. Muga hori pasata, migratzaile askok bere burua “kale gorrian” ikusten dutela azaldu dute.
Amaitzeko, “azken egunetan Gaztetxeak eta Harrera Sareak hartutako lan boluntarioa, erakunde instituzionalek egin beharreko lana” dela gogoratu dute, eta udalari “exijitu” diote “Harrera Sareko kideek egiten dituzten eskakizunak onartu eta egoerak duen larritasun mailari dagokion erantzuna ematea”.