Amaia Portugal: 'Iraila'
Abuztuak azkena du gaur, eta irribarre maltzur bat atera zait. Uda honetan oporrik izan ez duen eta bi hilabete luze besteen bidaien argazki eta kontakizunak ikus-entzuten daramatzan edonork ondo ulertuko duen irribarre maltzurra. Baina inbidia sanoa, e!
Aitortuko dut, oporrekin edo gabe, poztu egiten naizela abuztuak azken orria botatzen duenean. Iraila badatorrela esan nahi baitu horrek, eta iraileko aldapa maldan beherakoa iruditu izan zait beti. Testuliburuetan eta eskola materialetan dirua xahutu beharko banu, bestela pentsatuko nuke, agian…
Maite dut iraila Donostian, bertan bizi garenok hura berreskuratzen dugulako azkenean, nahiz eta oraindik ere turismoa goi denboraldian egon. Barkatuko didate Piratek, baina benetako abordatzea orain datorrela iruditzen zait. Konstituzioaren Enparantza benetan Plaza Berria bihurtzen denean, sagardo botila freskoek terraza amaigabeen tokia hartuta. Hileko lehen bi igandeetan, kolore adina euskalkik Urgull, kaia eta Parte Zaharra bereganatzen dutenean. Uda osoa daramagu turistek egiten dituztenei eta ez dituztenei begira. Rolak aldatzeko ordua da.
Zinemaldia ere badakar irailak, eta bistan da alfonbra gorriak ez duela zerikusirik, estropadetan alkoholak majo bustitzen dituen Fermin edo Ikatz kaleetako lur itsaskorrarekin. Baina guk betetzen ditugu Kursaal, Viktoria Eugenia edo Antzoki Zaharreko eserlekuak. Hala den bitartean, eta pintxotara akreditazioa lepotik zintzilik joaten diren harroxkoen kontura barre egiteko ahalmena galtzen ez dugun artean, iraileko gauza positiboen zerrendan jarriko dut Zinemaldia.
Eta nola ez, egiatarrontzat, Porrontxo Jaiek jartzen diote ginda hilabete honi. Eskuz esku eta alez ale eraikiak. Su artifizialik gabe.
Irailean, Donostiak erantzi egiten du handiuste mozorroa. Jantzi kosmopaletoa armairuan zintzilikatzen du (pipiak jango ahal du!), datorren aste santura arte-edo. Eguzkia beti bezain eder ikusiko dugu sartzen Sagues aldetik, baina auzo-lotsa eragiten duten eta gure herrian arrotz sentiarazten gaituzten txalo zaparrada ergelak entzun beharrik gabe. Atsegina denarekin atseginak izaten jarraituko dugu, baina geure buruari dominarik jarri gabe. Ditxosozko friendly hori behin eta berriz errepikatu beharrik gabe. Anglizismoei stop.
Orain dela 205 urte, iraila hasi berritan, zenbait donostiarrek adore erakustaldia egin zuten Zubietan, eta hiria berreraikitzeko erabaki irmoa hartu. Gaurtik gaur, kalera irten, egun luzeei etekina atera eta indarrak biltzeko hilabetea da iraila, atzera zerotik kementsu hasteko.