Añorga Txikiko jaietako erraldoiak, auzoko kaleetan zehar. (Argazkia: Añorga Txikitarrak auzo elkartea)
Gaur hasi eta irailaren 2ra arte, Añorga Txiki jai giroan murgilduta egongo da. Hiru eguneko egitaraua antolatu dute, eta haurrentzako jarduerak eta gastronomiarekin lotutakoak izango dira protagonista.
Uda bukatzear dagoen arren, Donostian uda kutsua duten hainbat ospakizun eta festa gelditzen dira oraindik, horien artean, Añorga Txikiko jaiak. Hiru eguneko egitaraua antolatu dute Añorgako bizilagunek, eta aurten, paper garrantzitsua izango dute haurrentzat antolatu dituzten jarduerek, eta baita gastronomiarekin lotutakoek ere.
Gaur, ostirala, 18:00etan hasiko dira jaiak, txupinarekin. eta ondoren, karaokea, haurrentzat jolasak, kamiseten estanpazio tailerra eta txokolate jana egongo dira, auzoko txikienentzat. Añorga Txikitarrak auzo elkarteko kideak dira Oscar Irisarri eta Joseba Arizeta, eta jaiak «korrika eta presaka» antolatu dituztela aitortu badute ere, pozik daude prestatu duten egitarauarekin.
Hamar-hamabi lagunek osatzen dute jai batzordea, eta azken aldian jende gaztea hurbildu zaizkiela azaldu dute. Hala ere, Irisarrik honakoa baieztatu du:?«ideia berriak eta jende gehiagoren parte hartzea eskertuko genuke, jaiaren antolakuntzak jarraipena izateko». Jende gaztea sartu den moduan, helduenek gastronomiarekin lotutako jarduerak nahiago dituztela gaineratu dute; esaterako, urtero egiten duten sardina jana.
Jaien antolakuntzan parte hartzen duten auzotarrez gain, Añorga Kirol Elkarteak eskaintzen dien laguntza nabarmendu dute; jai batzordekoen iritziz, «beti egoten dira laguntzeko prest».
Aurtengo berrikuntzak
Aurten, aurreko urteetan egindako hainbat jarduera errepikatuko dituzte, baina hainbat berrikuntza ere prestatu dituzte. Nabarmenena, goitibeheren jaitsiera izango da. Arizetak azaldu duenez, «pare bat urtez ez da jaitsiera egin, eta harrera oso ona zuenez, berreskuratzea erabaki dugu».
Beste berrikuntza bat prestatu dutela gaineratu dute Añorgakoek, baina larunbata arte isilpean gorde nahi dute. Sorpresa ezagutu nahi dutenek, ikastolara joan beharko dute larunbatean.
Epe luzerako helburuak
Helburu nagusia denok ondo pasatzea eta auzotarrak etxera gustura itzultzea dela baieztatu dute Irisarrik eta Arizetak. Gainera, etorkizunera begira lau helburu nagusi zehaztu dituzte antolatzaileek. Lehen helburua antolakuntzara jende gehiago batzea da, «belaunaldi-erreleboa bermatzeko».
Bigarrena, euskal kultura sustatzea da, eta era berean, jatorri ezberdinetako auzotarrak «euskal giroan eroso» sentitzeko ahalegina egiten dutela gaineratu dute. Hirugarrena, festetan pertsonen arteko desberdinkeriak txikitzea da. Zentzu horretan, honakoa azaldu du Arizetak: «Antolakuntzan, gure artean gauza horiek zaintzen saiatzen gara».
Azkenik, auzo izaera indartzeko nahia daukate jai batzordekoek. «Jaietako larunbateko afaria aukera ona izaten da auzotarrak bildu eta auzo izaera sustatzeko».