Argazkia: Iñaki Agirre
Badira
26 egun Antiguako
Txantxarreka gaztetxea hiriko migratzaileentzako harrera gunea bilakatu zutenetik, eta udal gobernuko ordezkariei eraikinean bizitzen ari diren pertsonei oraindik inolako irtenbiderik eskaini ez izana leporatzeko, gaztetxeko kideek elkarretaratzea egin dute gaur udaletxe parean.
“Ilegala banaiz alda zure legea” zioen pankarta zabalduta, Txantxarrekako kideek erantzukizun politikoa eta harrera neurri eraginkorrak eskatu dizkiote udalari, migratzaileen egoerari irtenbide bat topatzeko premiazko bilera baten eskaera egin aurretik.
Udal Gobernuak eskaera onartu du, eta alkatea Txantxarrekako ordezkariekin bilduko dela jakinarazi dute gaztetxeko kideek. Bilera
ostegunean izango da, 16:00etan.
Udaletxean eskainitako prentsaurrekoan, haserre agertu dira herritarrak: “Gaztetxean, sendagileak, itzultzaileak, gizarte hezitzaileak, begiraleak, psikologoak, irakasleak, abokatuak eta segurtasunaz arduratzen diren pertsonak dauzkagu, besteak beste, 24 orduz txandakako lanak egiten. Gu hilabete batean hau egiteko gai izan bagara, nola liteke instituzioek, euren baliabide guztiekin, oraindik fundamentuzko erantzunik ez ematea?”. Azken egunetan aipatu den migratzaileen iragankortasunari erreferentzia eginez, hirira iristen diren pertsonetako askok bertan duinki bizi eta lan egin nahi dutela azpimarratu dute ere Txantxarrekako kideek, eta erakunde publikoetatik orain arte eskaini diren egonaldi mugatuek migratzaileen egoera konpontzeko balio ez dutela nabarmendu dute. Zentzu horretan, udalaren erantzuna “hitz politak eta itxurakeria hutsa” izan direla adierazi dute.