Ander Edo: 'Debekatua dago k(u)artelak jartzea'
“Urte berri on!”, esan ohi diet lankideei udako oporrak amaitu eta irailean lanera bueltatzen garenean. Urtarrilean gertatzen den moduan asmo berriak martxan jartzeko unea izaten da ikasturtearen hasiera: kirola egiten hasi, ikastaro batean izena eman, fundamentuz gosaldu… Dena den ez pentsa iraila izanagatik emaitza desberdina lortzen denik, hauetako gehienak (guztiak ez badira) asmo hutsetan gelditzen baitira. Iraileko asmo hauen antza du Loiolako kuartelen inguruan udalak aurkeztu duen egitasmoak. Ez da horrelako zerbait entzuten dugun lehen aldia, eta asmo huts batean geratzeko antza hartzen diot nik.
Kontua nola amaituko den nahiko argi ikusten bada ere, ezin uka kuartelak Loiolatik desagertzea berri ona izango litzatekeela. Baina ze preziotan? Dirudienez, Zubieta Loiola berria bihurtu nahi dute batzuek. Orain gutxi arte Loiola “zerbitzu” auzo bat bilakatzea izan zen estrategia. Bertan kokatu ziren hiriko beste inon nahi ez zituzten azpiegiturak: araztegia, kartzela… Berdina egin nahi dute orain Zubietarekin. Erabiltzen ari diren logikari jarraituz ez ninduke batere harrituko azken irtenbidea Zubieta manta erraldoi batekin estaltzea izatea. Argi dago Loiolatik kenduko balituzte kuartelek toki berri bat beharko luketeela, eta okurritzen zaizkit asko, hori bai, guztiak Ebro ibaitik behera.