«Proiektu ekonomiko eraldatzaileen mapa egiten ari gara»
Malu Landaberea, Baturako kidea.
Ekonomia sozial eraldatzailean oinarritzen diren proiektu kopurua hazten ari da gure inguruan. Batura, esperientzia horiek mapa batean islatzeko helburuarekin sortu zen. Zein da Baturaren jatorria? Batura 2015ean Euskal Herriko hainbat norbanako kolektiboren arteko gogoetatik sortutako proiektu bat da, eta bere helburua, ekonomia sozial eraldatzailean oinarritzen diren erakundeen mapa osatzea da. Hau da, beraien jardueragatik, ekonomiaren eta jendartearen eraldaketan laguntzen duten esperientzien batura, mapa batean islatzea helburu duen egitasmoa da. 2015. urte inguruan, dagoeneko ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko sareak sortzen eta batzen hasi ziren, baina ez zeuden inon ikusgai. Hori muga bat zen herritarrek egitasmo hauek ezagutu eta sarean parte hartzera bultzatzerako orduan. Jarduera ekonomiko eta kulturaletik eraldatzen ari ziren erreferenteen ikusgarritasuna botatzen genuen faltan, baita erreferente hauen arteko kooperazioa ere, ez-jakintasunaren eta tresnen gabeziaren ondorioz sortutakoa. Horregatik, Baturako mapak, Euskal Herriko merkatu soziala saretzeko eta horren garapenean laguntzeko tresna izan nahi du, ekonomia eta eredu ekonomikoa eraldatu eta herritarrei kontsumo arduratsurako alternatibak eskainiz. Nola dago osatua taldea? Anitza da Batura proiektua bultzatzen duen taldea. Olatu-Koop sareak eta bertatik jaiotako kooperatiba eta erakundeek bultzatzen duten elkartea da. Euskal Herriko hainbat herrialdetako bost neska-mutilek osatzen dugu gaur egun, baina taldea haztera doa. Proiektu komunitarioa bihurtzeko helburua dauka egitasmoak, eta aldi berean, herritarron proiektua dela sinisten dugu, benetako parte hartzea nahi dugulako eta herritarren ekarpenak Baturako sorreran ezinbestekoak izan direlako. Kataluniako Pam a Pam mapa kolaboratiboa da gure erreferenteetako bat, eta proiektu honen eredua jarraituz, formakuntzak, bilguneak eta bestelakoak eskainiz, Euskal Herriko biztanleen artean proiektua elikatzeko asmoa dago. Era honetara, tokiko eragileak hobe ezagutzeko, sarea zabaltzeko, aberasteko eta aniztasuna sustatzeko aukera edukiko dugu. Zeintzuk dira Baturaren mapan sartzeko irizpideak? Baturaren tresna nagusia ‘Batura galdetegia’ deituriko galdera sorta da eta bertan proposatzen diren hamasei irizpideen inguruko hausnarketa edo lanketa minimo bat egin izana eskatzen da. Horrek ez du esan nahi aztertzen dugun proiektu bakoitzak irizpide guztiak bete behar dituenik, ezta guztien jakinaren inguruan egon behar dutenik ere. Gure helburua ez da galdetegia azterketa bat bilakatzea, diagnostikorako eta garapenerako tresna izatea baizik. Horregatik, galdetegia aurrera eramateko modurik egokiena elkarrizketa bat izatea erabaki genuen. Bertan, entitateak eta Baturako taldeak diagnostiko eta hausnarketaren bidez, ondorioak, praktika onak, erreferentziak, eta abar partekatzen ditugu. Crowdfunding-a jarri zenuten martxan proiektua finantzatzeko. Nola joan da? Finantzaketa kolektiboaren prozesuak bi helburu nagusi izan zituen. Lehena, webgunearen garapena ordaintzeko finantzazioa lortzea izan zen. Bigarrena, proiektua bera ezagutzera eman eta interes talde edo komunitate bat sortzen hasteko lehen pausoak ematea izan zen. Jarri genituen helburuak lortu genituen, eta horri esker badaukagu lehen pausuak emateko euskarria. Crowdfunding finantzazio sistema erabiltzea erabaki genuen, ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko tresna garrantzitsua dela iruditzen zaigulako. Uste dugu Baturak eta beste pertsona askok beharrezkoa ikusten dutela maparen garapena; hortaz, proiektuaren hasierako kostuari modu kolektiboan aurre egitea egokiena zela pentsatu genuen. Azken finean, guk beti diogu Baturaren atzean lan-talde bat dagoen arren, Ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko prest dagoen edonorena dela proiektua. Donostialdean dauden proiektuekin ere mapa osatzen ari zarete… Proiektuaren lehen prototipoa Gipuzkoako bost eskualde mapeatzean oinarritu denez, Donostialdea horietako bat izan da, baina hasi besterik ez gara egin. Oraingoz, eskualde bakoitzeko sei edo zortzi eragilerekin bildu gara, eta hauek, gaur egungo mapan ageri dira. Hala ere, datozen hilabeteetan eskualde bakoitzean sakontzeko helburuarekin jarraitzen dugu. Donostialdeko kasuan, formakuntzak eskaintzeko asmoz, talde baten sorrera bultzatu dugu. Orain arteko urratsak, proiektuaren azalpen orokorrean eta etorkizuneko erronken elkarbanatzean oinarritu dira. Aldi berean, esan beharra daukagu oso zoriontsu gaudela Donostialdean eratu den talde motore honen erantzunarekin eta parte hartzearekin. Lehen prototipoa izanik, parte hartzaileen eta dagoeneko existitzen den lan taldearen elkarlan bat egon behar duela deritzogu, eta hain zuzen, horixe bera da naturalki Groseko auzoan nabaria izan den prozesua. Gainera, Saretuzekin (Donostiako kontsumo arduratsu eta eraldatzailearen sarea) elkarlanean gabiltza. Maiatzean, jardunaldi batzuk antolatu genituen elkarrekin, eta bertara Pam a Pam-ekoak gonbidatu genituen. Oso baliagarria izan zen denok elkarrekin gaur egungo gure inguruko egoeraren inguruan hausnartzeko eta hurrengo urrats kolektiboak elkarrekin definitzeko. Donostian, oraingoz, hiriko bost erakunde txertatu ditugu mapan, baina esan bezala, prozesua hasi besterik ez da egin. Mapan agertzeko irizpideak betetzen dituzten Donostiako proiektu horiek Zabalduz (Gizarte Ekimeneko Kooperatiba), Nortlan (gizarte aholkularitza eta aseguru-artekaritza), Emaus, Hiru Damatxo (komunikazio zerbitzuak) eta Kaxilda liburudenda dira. Zeintzuk dira hemendik aurrera emango dituzuen pausoak? Orain erronka asko ditugu eta hainbat norabidetara jo nahiko genuke. Lehenik eta behin, taldea egonkortu eta definitu behar dugu, proiektu komunitarioa sortzeko proiekzioarekin. Aldi berean, ‘mapeoa’ aurrera eramateko proiektu berrien inguruan hausnarketa egin behar dugu, sarearekin eta lurralde-eremu bakoitzeko ekonomiarekin bat egiteko. Azkenik, Baturako tresnaren eta bere erabilpenaren kalitatea gero eta handiagoa izatea lortu behar dugu, bere ondorioak eta etorkizunean sortu nahi ditugun lankidetza prozesuetarako baliagarria izan dadin.