Ane Urrutikoetxea: 'Harresi beltza'
Iritsi da egun handia. Lehen doinuekin batera, zurigorriz jantzitako herria prest dago festa garaiari hasiera emateko. Egun zoriontsuak izango dira, familia, lagunak, kuadrilla, denak kalean, herria ospakizunetan bete-betean murgildurik.
Giro eder horren erdian, baina, harresi bat eraiki dute; plastiko beltzekin, gorrotoarekin eta liskarrarekin osatutako harresia. Herriko jaiei goibeltasuna dakarkio olatu beltz horrek, eta dagoeneko hamarkada pare bat igaro dira batasuna eta elkartasuna ekarri beharko lukeen festa garaia lokaztu zenetik. Aurten ere, hortxe dirau harresiak, tente.
Erdibitutako herriak ez du hesia urratzerik lortu; norberak harro eusten dio bere sinismen zurrunei. Norberak ongi daki bere arrazoiek pisua dutela. Arrazoi horiez elikatuta, beraz, urteek ez dute plastikoa higatu, ez da entendimenturako espaziorik eraiki. Hala, herriko jaiak guda lubaki bihurtu dira; ospakizun doinuak, borrokarako oihu.
Kanpotik harresi beltzari so gaudenok penaz eta saminez ikusten dugu urteroko zirkua. Ez omen dugu ezer ulertzen. Hori egia da; urteak badoaz, eta oraindik ere ez dut sekula inork argitzerik lortu zer demontre duten buruan plastiko beltzez hornitu eta bizilagunei bizkarra ematen diotenek. Noiz arte gerra amaigabe hori? Itxaropena galdu duen galdetu diot amonari; bere jaioterri maiteak topatuko ote du entendimendua? «Noski, txiki», dio berak, «Hondarribia herri noblea da eta bilatuko du bidea. Beti ez da hala izan eta beti ez da hala izango».