Iritsi dira porrontxoak!
Iritsi dira Egiako auzotarrek eta baita donostiar askok ere horrenbeste maite dituzten jaiak:?porrontxoak! Atzo hasi ziren festak, txupinazoarekin eta ohiko kuadrillen igoerarekin.
Kontxako Banderak utzitako ajeari aurre egin eta ikasturte berria alaitasunez hasteko aukera paregabea dute Egiako auzotarrek. Astelehenean hasi ziren Porrontxo jaietako jarduerak, baina atzo hasi ziren jaiak ofizialki, txupinazoa, pregoiaren irakurketa eta mitikoa bilakatu den kuadillen igoerarekin.
Txomin Campo Egiako jai batzordeko kidea da, eta azaldu du, aurten aurreko urteetan baino hobeto moldatu direla jaiak antolatzeko. «Iaz Rinoplastia izeneko barne prozesua egin genuen, eta bere fruituak ematen ari da. Orain indarberrituta gaude», adierazi du Campok. Hausnarketa prozesuaren ondorioz, jai batzordearen egitura ere aldatu egin da, eta orain, bi figura daudela azaldu du Egiakoak:?figura finkoa eta txandakakoa. «Bost pertsona gara egongorrak, eta beste bostak auzoko kuadrilletako pertsona aldakorrak izaten dira», esplikatu du Campok.
Gainera, saltoki eta tabernak ere garrantzia handia dute jaien antolakuntzan, ekonomikoki laguntzeaz gain, auzoko gizarte egituran paper nabarmena jokatzen dutelako. Era berean, auzoko eragile sozialek ere parte aktiboa dute jaietan, jarduerak antolatuz eta ardurak bere gain hartuz.
Egitarau oparoa antolatu dute aurten eta Campok ostiralean egingo duten Egiako II. Mendi Bizikleta lasterketa nabarmendu nahi izan du:?«Iaz esperimentu arriskatu samarra egin genuen eta oso ondo atera zenez, aurten apur bat hobetu eta fintzea erabaki dugu». Gainera, aurten kontzertuen aldeko apustu garrantzitsua egin dutela esan du jai batzordekoak: «Lehen, joera tradizionalagoa geneukan eta berbenek zeukaten protagonismoa, baina aurten, kontzertuak indartu nahi izan ditugu».
Etorkizunera begira, hiru helburu nagusi finkatu dituzte. Alde batetik, Rinoplastiaren harira ezarritako aldaketen normalizazioa lortu nahi dute. Bestetik, jaiak eta hauen antolakuntza «garai berrietara moldatzen joatea» nahi dute, eta parekidetasunarekiko, emakumeen presentzia handitzeko xedea dute. Campok azaldu duenez, emakume bakarra dago gaur egun jai batzordean, eta historikoki nagusiki maskulinoa izan dela nabaritzen dela gaineratu du.
Azkenik, eraso sexistarik gabeko jaiak lortzea finkatu dute helburu gisa.
Brigada feministak
Eraso sexistarik gabeko jaien bidean, aurten aurrerapauso nabaria egin dute Egian, izan ere, auzoko hainbat neska gaztek gaiaren inguruko lanketa abiatu zuten urtarrilean, eta porrontxoetarako eraso sexistei aurre egiteko protokoloa sortu dute.
«Emakume* anitzen brigada belaunaldi ezberdinetako 70 bat auzotarrek osatzen dugu eta bi helburu nagusi ditu:?Porrontxoetan emakumeen* presentzia hazi eta bermatzea, eta pairatzen ditugun erasoen aurrean erantzun sendo eta kolektibo bat ematea, gu geu subjektu aktiboak izanik», azaldu du Kattalin Mutuberriak, brigadako kideetako batek, hain zuzen.
Egiakoak azaldu duenez, brigadan bi figura daude. Alde batetik, brigada-kideak daude, eta hauek besoko txuri bat eramango dute jendeak haiek identifikatu ahal izateko; erasoren bat jasan edo laguntza behar duen orok haiengana jo ahalko du.
Bestetik, brigada-arduradunak egongo dira, eta hauek izango dira, behar izanez gero, protokoloa martxan jarriko dutenak. «Gainera, 24 ordu eskuragarri egongo den telefono zenbaki bat egongo da martxan, brigada-kide eta auzotarrentzat erreferentzia izango dena», esan du Mutuberriak.
Brigadako kideek jaietan parte hartzen duten eragile eta tabernei protokoloa azaldu dietela baieztatu du Egiakoak, denen koordinazioa beharrezkoa delako.