Loiolako Erriberako jaien hasierako ekitaldia, iaz. (Argazkia: Loiolako Erriberako Jai Batzordea)
Loiolako Erriberako auzotarrak jai giroan murgilduko dira gaur, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Jaiei hasiera emango dien ekitaldia ez da nolanahikoa izango, izan ere, Handia pelikulako lan taldeak irakurriko du aurtengo pregoia.
Jon Garaño, pelikularen zuzendari eta gidoilaria, auzoko bizilaguna dela azaldu du Raul Perezek, Loiolako Erriberako jai batzordeko kideak, eta hori dela eta, pelikula ezagunaren lan taldea gonbidatu nahi izan dute pregoia irakurtzera.
Perezek nabarmendu du Loiolako Erriberako jaiek 10 urte beteko dituztela aurten, eta azaldu duenez, urtez urte «egitarau egonkorra» egitea lortu dute. Aitortu du «berrikuntza gutxi»?egoten direla normalean, baina oso pozik daude auzotarrek jaietan izaten duten parte hartzearekin.
Jai batzordean 10 lagun inguru ibiltzen direla baieztatu du Perezek, eta aurten, jaien prestaketa maiatzean abiatu zutela azaldu du. Lan taldekoak pozik daude aurtengo egitarauarekin, baina jai batzordekoak aitordu duenez, «erronka garrantzitsua daukagu nerabeei begira. Eskaintza aldetik oso zaila egiten zaigu adin tarte horretako pertsonentzat jarduerak antolatzea». Iaz antolatutako jarduera errepikatuko dute larunbatean, Soccer-eko zelaietan 12 urtetik gorako gazteentzako jolasak, hain zuzen.
Musika eskaintzari dagokionez, berrikuntza bat egongo dela aitortu du Loiolakoak: igande goizean, hamabietan, auzoko kaleetan zehar batukada bat ibiliko da kaleak girotzen. Era berean, urtero «arrakasta itzela»?izaten duen kontzertua antolatu dute aurten ere igande arratsalderako, Los Txamukos mariachi taldea, hain zuzen.
Perezek, gainera, Loiolako Erriberako euskara batzordeak larunbatean egingo duen piknika nabarmendu du, eta baita euskara batzordeak urtean zehar euskararen alde egiten duen lana ere.