Atzo aurkeztu zituzten jardunaldiak, Loiolatarra elkartean.
XX. Loiolako Mikologia eta Gastronomia jardunaldiak egingo dituzte. Atzo aurkeztu zuten egitaraua Loiolatarra elkartean, eta hilaren 30era bitarteko egitarauaren xehetasunak eman zituzten.
Ikastaroak, tailerrak, hitzaldia, erakusketa, afaria eta ohiko Perretxiko Jaia izango dute, aurten ere. Astelehenean abiatuko dituzte mikologia ikastaroak, 19:30etik 20:30era. Loiolako kultur etxean eman behar da izena. Material didaktiko gisara Disfrutando con las setas liburua erabiliko dute. Hilaren 25ean izango da ikastaroen bukaera.
Urriaren 12ra bitarte, aldiz, Jardunaldien historia XX urtetan erakusketa bisitatu ahal izango da kultur etxean. Argazkiak, margolanak eta liofilizatutako perretxikoak daude ikusgai. Bestalde, hilaren 24an Ardo eta perretxikoen Ezkontza-Dastatzea tailerra euskaraz emango du Joxemi Aierbek Loiolatarra elkartean, 19:30ean. 27an ere eskainiko du, baina gaztelaniaz.
Jardunaldietako hitzaldi bakarra Ricardo Galan biologoarena izango da. Onddoen munduko misterioak: pozoidura perretxikoengatik gaia jorratuko du kultur etxean 19:30ean.
Gastronomia, aldiz, hilabete bukaeran izango da protagonista. Hilaren 28an afaria egingo dute Loiolatarra elkartean, eta Jon Basterretxeak eta Luis Break prestatuko dute dastaketa. Irailaren 30ean, berriz, Perretxiko Jaia egingo dute Latsarien plazan 10:30etik aurrera.