(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Garaipenik lortu ez badu ere, pistan eta errepidean emaitza onak lortu ditu Aitor Larrañagak (Antigua, 2000). Europako pista txapelketetan parte hartu du lehen aldiz, eta maila ona eman du.
Aitor Larrañaga; Txirrindularia
Zer iruditu zaizu denboraldi hau?
Printzipioz oso ona. Hasiera, ordea, makala izan zen. Lepauztaia hautsi nuen denboraldia abiatu aurretik, eta osatzea kostatu zitzaidan. Gripearen erruz ere hilabete inguru egon nintzen geldirik. Pistako denboraldiaren zati handi bat galdu nuen. Errekuperatzea lortu eta Espainiako Txapelketetara joatea lortu nuen. Ordutik aurrera dena hobeto joan zait.
Zeintzuk izan dira momenturik onenak eta nabarmentzeko lorpenak?
Garaipenik ez dut lortu, baina Gipuzkoako txapelketa irabazi nuen errepideko proban bigarren geratuta. Batez ere, pistako lorpenak dira esanguratsuenak. Espainiako txapelketa irabazi nuen taldekako abiadura eta jazarpen proban. Bakarkako jazarpenean, aldiz, brontzea lortu nuen. Batez ere, oso pozik nago Europako txapelketetan lorturiko emaitzekin. Scratch proban bosgarren izan nintzen, eta bakarkako jazarpenean txapelketetako nire denbora 10 segundotan jaitsi nuen.
Errepideko denboraldian ere emaitza onak izan ditut. Euskadiko erlojuaren kontrakoan bigarren egin nuen, eta hirugarren postu asko gazte mailako egutegian. Besteak beste, Antzuolan, Zumaian, Anoetan eta Gipuzkoako itzuliko Olaberriako etapan.
Aldiz, momentu txarrik nabarmenduko zenuke?
Erorikoei dagokienez, Espainiako txapelketan pistan Madison proban hasi eta berehala erori nintzen aurreko gurpilak irrist egin; sorbalda atera nuen. Zorionez azkar errekuperatu nintzen. Hasierako arazoak kenduta, denboraldia ondo joan da.
Une honetan, zerk betetzen zaitu gehiago errepideak ala pistak?
Errepidean entrenatu eta lehiatzea gehiago gustatzen zait. Hobeto pasatzen dut. Pistak intentsitatezko entrenamenduak egiteko aukerak ematen dizu, eta erritmoa hartzeko balio du. Bestalde, pistan txirrindulari gutxiago aritzen dira eta nabarmentzeko aukera gehiago daude.
Pistari ikusgarritasuna falta zaio gurean. Zergatik dela uste duzu?
Kultura falta da, nire ustez. Gipuzkoan belodromoa dugu. Espainia osoan, ordea, lau belodromo egoki daude. Europako beste hainbat herrialdetan askoz gehiago daude. Adibidez, Italian. Baina pistan lehiatu eta trebatzeko laguntzak ematen dituzte. Hemen, ordea, ez dago horrelakorik. Egutegi finko bat ere ez dugu. Normalean pistan egiten ditugun entrenamenduak txapelketei begirakoak dira.
Hurrengo denboraldian koxka bat gorago egiteko asmoa duzu?
Afizionatu mailara emango dut jauzia. Aldi berean, Kimika ikasketekin hasi naiz Bilbon, eta horri emango diot lehentasuna. Ahal dudanean entrenatuko dut. Dena dela, afizionatuetako lehen urtea lasai hartzeko asmoa dut. Lau urte ditut aurretik 23 urtetik beherakoan, eta hirugarren zein laugarren urteak dira garrantzitsuenak. Orduan gehiago saiatuko naiz. Izan ere, urte horietan ikusten duzu aurrera jarraitzeko aukerarik duzun.
Zein talderekin emango duzu jauzia?
Datorren sasoian Debabarrena taldearekin ariko naiz afizionatu mailan. Donosti Berriko Iñigo Zapirain eta biok izango dugu aukera.
Maila aldaketa nabarituko duzu?
Bai, noski. Afizionatu mailara pasa zirenak pasa den urtean lasterketak irabazteko lehian zeuden gurekin batera. Ordea, afizionatu mailako lehen urtean kosta egiten zaie probak bukatzea. Egokitzen ahaleginduko naiz.
Nola antolatuko duzu hurrengo denboraldia?
Entrenamendu gehiago egin beharko ditut. Aurten nabaritu dut ikastaroa bukatu denetik entrenatzeko denbora gehiago izan dudala, eta emaitza hobeak lortu ditut. Hurrengo sasoian ez dakit nola moldatuko naizen ikasketekin. Denbora gehiago eskaini beharko diot, afizionatu maila gogorragoa delako eta hiru ordutik beherako lasterketak ez daudelako.
Pistan oso txukun ibili zarenez, jarraitzeko asmoa duzu?
Printzipioz Gipuzkoako Challengea egingo dut. Afizionatu mailako txirrindulari gutxiago lehiatzen dira. Izan ere, pista edo errepidea aukeratzeko egoeran aurkitzen gara. Halere, biak uztartzeko asmoa dut. Errepiderako erritmoa hartzeko belodromoan aritzea egokia iruditzen zait.
Brontzea lortu du Espainiako Txapelketetan
Denboraldia biribildu du Aitor Larrañagak. Pistan eta errepidean emaitza onak lortuta, Donosti Berriko txirrindulariak brontzezko domina eskuratu zuen Soriako gazte mailako Espainiako Txapelketan.
Amets Txurruka txirrindulari ohiak gidaturiko euskal selekzioak lorpen bikoitza izan zuen errepideko lasterketan. Jon Barrenetxeak urrea irabazi zuen tropelari aurre hartuta. Aldiz, Larrañagak multzoaren esprintean bigarren egin eta brontzezko domina janztea lortu zuen.
«Proba gogorra izan zen, 125 kilometrokoa eta aldapa askokoa. Lehen 50 kilometroetan 3 portu zeuden. Hasieran ez nituen sentsazio oso onak, baina azken portutik aurrera ondo sentitzen hasi nintzen», dio Larrañagak. Azken 10 kilometroetan erasoa jo zuen bakarrik Barrenetxeak. «Selekzioko kideok kontrol lana egin genuen, kontraerasoei aurre eginez».
Azken kilometro eta erdian indartsu sentitu zen Larrañaga, eta sei txirrindulariko multzo batean iritsi zen azken metroetara. «Esprinta jokatu eta gutxigatik ez nuen bigarren egin. Halere, gustura nago euskal selekzioaren garaipenarekin eta lorturiko emaitzarekin».