Donostiarraren trainerua, Portugaleten play offa irabazi ostean. (Argazkia: Donostiarra Arraun Taldea)
Denboraldi biribila egin du Donostiarrak. ETE ligan garaile izan ostean, Euskotren ligara igotzeko bi estropadako play offa irabazi du, Hondarribiaren aurka.
Datorren denboraldian Euskotren ligan ariko da Donostiarra arraun taldea, pasa den igandean Hondarribiaren aurkako play offeko estropadan garaile irten ondoren. ETE ligan lehiatu da denboraldi honetan Donostiako taldea, eta liga irabazi ostean, bi estropada izan dituen play offa jokatu du Hondarribiko taldearen aurka.
Lehen estropada larunbatean izan zuten, eta Alaitz Olarte Donostiarrako arraunlariak azaldutakoaren arabera, «itsu-itsuan» joan ziren kanporaketaren lehen jardunaldira. «Uztailaren 31n lehiatu ginen azkenekoz Hondarribiaren aurka, eta ez genekien nola egongo zen bakoitza elkarren aurka lehiatzeko. Ez geneukan taldearen erreferentziarik», gaineratu du Maialen Alkortak, traineruko kideak.
Bermeon izan zen larunbateko estropada, eta hasiera batean, 10 segundorekin zigortu zuten Hondarribiko ontzia, estatxa lehenago askatu zutelakoan. Azkenean, epaileek zigorra bertan behera uztea erabaki zuten, baina hala ere, Donostiako taldea nagusitu zen, 7,80 segundoko aldearekin, aurreikuspenek agindu bezala.
Alkortak baieztatu du lehen estropadan ateratako abantaila lagungarri izan zela igandean, «inkontzienteki lasaiago» ateratzeko aukera eman zielako, baina bigarren estropadarako zeukaten planteamendua «zerotik hastea» zela gaineratu du.
Eremu desberdinak
Bi txanden eremuen desberdintasunak nabarmendu ditu Olartek, izan ere, Bermeokoan itsasoan lehiatu ziren, eta igandekoa Portugaleten izan zen, ibaian, hain zuzen. Donostiarrakoek Trintxerpen egin dituzte play offa prestatzeko entrenamenduak eta horrek «kanpoan eta barruan entrenatzeko aukera» eman die. «Estropadaren egoera berdina edo antzekoa bilatzen saiatu gara, eremu horietara ohitzeko», dio Alkortak.
Kanporaketa irailaren hirugarren astean jokatu behar izanak negatibotzat jo dute Donostiarrakoek, izan ere, ETE ligako azken estropada abuztu bukaeran jokatu zuten, eta tartean Kontxako Bandera egoteak ez duela lagundu aitortu dute. Alkortak, play offa «ligarekin lotuta» ikusten duela dio, eta Olarteren arabera, «Kontxako estropada oso egun polita izan daiteke denboraldia amaitu eta itxiera emateko».
Hala ere, azken estropadari «urduritasun puntu batekin, baina gogoz eta motibatuta» aurre egin ziotela kontatu dute bi arraunlariek eta Olartek argitu du «oso gustura gelditu direla play offaren emaitzarekin».
Denboraldi biribila
ETE liga irabazi eta Euskotren ligara igotzea izan dira, agian, Donostiarraren lorpen nabarmenenak aurten, baina horrez gain, ligan zehar zazpi bandera irabazi dituzte Donostiako arraunlariek: La Bretxa Bandera, I. Orio Kanpina Bandera, II. Bandera El Correo-Kutxabank, VII. Pasaiako Ikurriña, Ondarroako bandera, II. Emakumeen bandera Aste Nagusia Donostia, eta III. Colindreseko Bandera.
Aitortu dute ezjakintasun puntu batekin hasi zutela urtea, negua «gogorra joan zelako» eta ez zeukatelako argi nola ibiliko ziren teknikoki. Honakoa gaineratu du Alkortak: «guk geuk ez genekien nola ibiliko ginen, baina gure lanean sinetsi dugu egunero eta denboraldi borobila egin dugu».
Estrategia aldetik nabarmendu dute ez dutela denboraldi hasierako helbururik izan inongo momentutan, eta jarraitu duten filosofia «estropadaz estropada helburu txikiak markatzen joatea» izan dela. «Lehenengo estropadatik ikusi genuen ligan lehia bazegoela, eta lortu ditugun banderek lagundu digute ikusten gauzak ondo egiten ari ginela» dio Olartek.
Ezkerretik eskuinera, Maialen Alkorta eta Alaitz Olarte, Donostiarrako arraunlariak. (Argazkia: Irati Salsamendi Lozano)
ETE liga, mesedegarri
ETE ligaren formatuarekin pozik agertu dira Donostiarrakoak eta baieztatu dute emakumeen arraunari mesede egin diola:?«iaz estropada gehienak erlojupeko modalitatean egin genituen eta aurten ia denak elkarren aurka izan dira». Olartek kontatu du ez dela «estropada bat bera egon» argi zegoena nork irabaziko zuen eta adierazi du ETE ligan egon den parekotasunak «entretenigarria» egin duela txapelketa, arraunlarientzat, zein zaleentzat.
Azken urteetan emakumeen parte hartzean gorakada egon dela esan dute eta baikor agertu dira, hazkunde horrek «gauzak errazten dituelako», esaterako, liga lehiakorra sortzerako orduan. ETE ligarekiko adierazi dute «ondo antolatuz gero eta beharrezkoak diren azpiegitura eta laguntzak egonez gero, emakumeen arrauna bultzatu eta taldeak mantentzeko oso baliagarria» izan daitekeela.
Taldeari dagokionez, Alkortak azaldu du «plurala eta gaztea» izanagatik, oso ondo moldatu direla uretan zein uretatik kanpo, komunikazioa ona izan delako eta elkarren arteko konfiantzak asko lagundu dielako traineruan.
Datorren denboraldiari begira, helburuak «estropadaz estropada» zehaztuko dituztela esan dute, eta orain «garaipenak disfrutatzeko unea» dela argudiatu dute. «Oraindik ez dut barneratu Euskotren ligan egongo garenik. Uste dut lehen eguna iritsi arte ez dudala benetan irudikatuko», aitortu du Olartek.
Alkortak adierazi du oraindik goiz dela datorren urteari buruz hitz egiteko, baina uste du taldera jende berria sartzeko aukera asko daudela eta Donostiako emakumeak animatu ditu trainerura batzera.