Argazkia: Iñaki Agirre
Lurralde Askea kolektiboak antolaturiko Iraultza Txikien Akanpada (ITA) egingo dute Zubietan gaurtik igandera bitarte, bestelako Euskal Herri baten aldeko herri mugimenduak uztartzeko asmoz. Odile Arrieta (Markina, 1986) kanpaldiaren antolakuntzako kidea da, eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.
Zer da Iraultza Txikien Akanpada?
Lurralde Askeako kideek pentsatu zuten polita izango zela Euskal Herrian herri mugimenduan dabilen jendea elkartzea, ez soilik manifestazio edo eztabaida baterako, baizik eta hiru egunez elkarrekin bizi, ezagutu eta konspiratzeko. Horrek sortzen dituen harreman eta saretzeak beste egitasmo asko ekarri ditzakeelako, hain zuzen.
Horregatik, momentu informalei garrantzi handia emango zaie kanpaldian, eta ongi bizitzea erdigunean jarriko da bertan.
Zer da ongi bizitzearen ideia hori?
Hego Amerikatik datorren ideia da. Denok ongi bizi ahal izateko pribilegioak parekatu egin behar ditugula dio, zapalkuntza orori uko eginez, eta gure bizi erritmoa lasaitu behar dugula defendatzen du. Egunerokotasuneko estresa albo batera utziz, bizitza erdigunean jartzea bilatzen du, eta kanpaldia printzipio horretan oinarritu nahi izan dugu.
Zer da Lurralde Askea?
Desobedientziaren bidea jarraituz ongi bizitzearen euskal errepublika baten sorreran lagundu nahi duen komunitate bat da. Hala ere, kanpaldiaren ideia Lurralde Askeatik atera bada ere, bertan kolektibokoak ez garen pertsona asko ibili gara gauzak antolatzen.
Norentzako egitasmoa da hau?
Pertsona oro dago parte hartzera gonbidatua, eragile sozial baten parte izan edo ez. Egingo diren saioek zure interesa piztu badute, horrek esan nahi du hor barruan duzun zerbaitek mugimendu pixka bat eskatzen dizula.
Gainera, adin tarte guztietako jendearentzako kanpaldia izango da, haurrengan ikusmira berezia jarriaz. Gehienetan helduok ezartzen ditugu umeentzako plan eta arauak, beraiek nahi dutena entzun edo kontuan hartu gabe. Hemen, aldiz, haurrei euren egitarau propioa antolatzeko aukera eman zaie, eta modu asanblearioan beraiek nahi zuten programa eta ekitaldiak antolatu dituzte.
Elkarrekiko errespetuaren markoan umeei euren arau propioak pentsatzeko aukera ematea iraultza txiki handi bat dela uste dut.
Non egingo da kanpaldia?
Zubietan izango da, herrian bertan. Aparkalekua hipodromoarena izango da, eta kanpamentuak hiru lo-leku desberdin izango ditu: bat furgonetentzako, beste bat umeen zaintza-sareei begirakoa eta hirugarrena beste guztientzako.
Horrez gain, kanpaldiak zenbait gune izango ditu. Pilotaleku handian otorduak, kontzertuak eta askotariko ekitaldiak egingo dira, eta herriko beste pilotalekuan eta inguruko eraikin batean hitzaldi eta solasaldiak izango ditugu.
Zeintzuk dira ITAren helburu nagusiak?
Kanpaldia lau bloke nagusitan banatu da, lau ideia lantzeko. Lehenengoa herri mugimenduen arteko harremanek osatzen dituzte, eta bertan, eztabaida baten bitartez, gure puntu komunak zeintzuk diren, zein eraso jasaten ditugun eta batera nola aurre egin diezaiekegun aztertuko dugu.
Beste bat herri botereari dagokiona izango litzateke. Aurretik hausnartutako guztiarekin, herri botereari forma nola eman pentsatuko dugu, datorren udaberrirako ea denon artean zerbait egin nahi dugun planteatu eta zer egin daitekeen ikusteko.
Hirugarren blokea Euskal Herriko praktika burujabeen aitortzan oinarrituko da. Izan ere, askotan, markatzen ditugun erronkak utopikoak direla iruditzen zaigu, baina errealitatea da erronka txiki gauzagarri asko topa ditzakegula gure inguruan, eta horiek ezagutu eta aurrera eramaten laguntzeak iraultza handi batera eraman gaitzake.
Azkenik, laugarren blokea, igandeko ekimenari dagokiona da. Egun horretan Gipuzkoa Zutikek antolaturiko martxa egingo dugu Zubietako erraustegira.
Zergatik da horren garrantzitsua eragileen arteko saretzea?
Euskal Herrian herri mugimenduak botere handia du, eta urte askotan zehar gauzak sortzeko gaitasun izugarria dugula erakutsi dugu.
Hori esanda, iruditzen zait gure artean ezjakintasuna dagoela ondokoak egiten duenaren inguruan, eta uste dut garrantzitsua dela elkarrekin biltzeko tarte bat topatzea, komunean ditugun oinarriez jabetu eta elkarlanean egin ditzakegun gauzak garatu ahal izateko.
Azken finean, herri mugimenduen batasunetik dator herri boterea.
IRAULTZA TXIKIEN AKANPADAREN EGITARAUA:
Ostirala, irailak 21
16:00. Ongi etorria, asanblada eta gunea antolatzeko auzolana.
19:00. Lurrikaren erdian, gu berri bat?
21:30. Afaria
22:00. Erradikalak gara antzezlana.
Larunbata, irailak?22
8:30. Gosaria
9:15. Asanblada
10:00. Umeentzako jarduerak eta altxorraren bilaketa.
10:00. Herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanak.
10:00. Eraso matxistak gure espazioetan. Emakume jendarteratuentzako, ez mistoa.
10:00. Zergatik egiten dugu gizonok eraso? Gizon jendarteratuentzako, ez mistoa.
10:00. Bizitza burujabetza:?alternatibak ezagutzen eta saretzen. .
13:30. Bazkaria.
14:30. Buruhausteak bakarrizketa.
15:00. Emakumeentzako espazioa.
16:00. Umeentzako jolas libreak, eskulanak, antzerkiak sortu…
16:00. Behetik eraldatzen, mugimendu zuri klase ertainekoetatik?
16:00. Herri mugimenduen borroka moldeak.
16:00. Bizitza burujabetza: mahai ingurua.
19:00. Elkarrekin konspiratuz, piztu ditzagun etxeak eta kaleak!
20:00. Thoreauren inguruan musika poesia eta misterioa.
21:30. Afaria.
23:00. Pobresiak poesia emanaldia.
00:00. Rukularen kontzertua.
Igandea, irailak?23
8:30. Gosaria
9:15. Asanblada
10:00. Umeentzako eskulanak eta jolas libreak.
10:00. Procés català
10:00. Jendarte likidoa, militantzia likidoak?
10:00. Elkarrekin konspiratuz, piztu ditzagun etxeak eta kaleak!
12:30. Puntu… eta jarraian? Akanpadaren itxiera.
14:30. Bazkaria.
16:00. Ekitaldia:?Erraustegia gelditu zutenei aitortza + Erraustegira martxa Gipuzkoa Zutiken eskutik.