Jagoba Codo preso gaixoaren osasun eskubideak bermatzen ez direla salatu dute

Sarek Amarako anbulatorioaren aurrean egindako prentsaurrekoa. (Argazkia: Sare)

Sarek Amarako anbulatorioaren aurrean egindako prentsaurrekoa. (Argazkia: Sare)

Jagoba Codo gaixo larri dagoen presoaren osasun eskubidea aldarrikatzeko prentsaurrekoa egin zuten atzo, Amarako anbulatorioaren aurrean, bere anbulatorioa izango litzatekeenaren aurrean, hain zuzen. Donostiako presoak 54 urte ditu eta espondilitis ankilosantea dauka, azkartasun handiz garatzen den endekapenezko gaixotasuna. Sarek salatu zuenez, Codok, ez du jaso beharko lukeen tratamendua jasotzen eta gaineratu zuen “preso gaixoak gorroto eta mendekuan oinarrituta dagoen espetxe politika batean” kokatzen direla.

Donostiako bizilagunak zigorraren hiru heren bete ditu jada, eta Sarek azaldu zuenez, “gaixo larria izan eta preso egotea, giza eskubideen urraketa garbia izateaz gain, legearen kontrakoa da”. Gainera, preso gaixoak “muturreko egoeran” daudenean askatzen dituztela baieztatu zuten. Codok behar duen tratamendua jaso eta “bizitza duina” izateko, etxera ekartzeko eskaera egin zuten agerraldian.

Bestalde, “espetxe baldintzak, pairatzen duen gaixotasunaren sintomak areagotzen dituela, eta honek berari eta bere senideei eragiten dien sufrimenduaz ohartarazteko”, giza kate ibiltari bat antolatu du Sarek, irailaren 29rako. 12:00tan hasiko da Easo plazan, Codoren auzoan, hain zuzen, eta Bretxan bukatuko da.

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend