Hotel + Ez plataformako kideak asteazkenean Santa Maria eliza parean egindako elkarretaratzean.(Argazkia: Iñaki Agirre)
Hiriko hotel eta pentsioen ugaritzeari aurre egiteko sortu zen Hotel + Ez plataforma, duela urtebete. Herenegun, Turismoaren Nazioarteko Egunaren bezperan, ikasturte berriari ekin zion taldeak.
Udazkenean sartu berri, turismoak udaran zehar hirian utzitako datuak aztertzeko unea iritsi zaio udalari. «Donostiak bere lidergo turistikoa berretsi du abuztuan», dio udalak bidalitako prentsa oharrak. Ez da gutxiagorako, izan ere, aurten jasotako datuen arabera, hirian %8,63ko hazkundea eman da turisten gaualdiei dagokienez. Iazko udaran Donostian turista kopuruaren errekorra beste urtebetez gainditu zela kontuan hartuta, ez da zifra makala. Eta galdera bat dakar berarekin: nola egiten zaio lekua hirian urtez urte handitzen doan bisitarien kopuru horri?
Donostiako hiri-ekonomiaren barometroaren arabera, 2014 urtean hiriko hotel, aterpetxe eta pentsioen kopurua 109tik 108ra jaitsi zen. 2015ean, ordea, EAJ eta PSE-EEren koalizioaren legealdiaren hasierarekin bat eginez, kopuru hori nabarmen hazi zen. Urte horretan, 119 establezimendu zenbatu ziren hirian. 2016an, berriz, 132 izan ziren, eta 141 2017an. Funtsean, hiru urteko epean hiriko hotel eta pentsioetan eskainitako toki kopurua %13,3 handitu zen.
Hotelei soilik dagokienez, zenbakiak are nabarmenagoak dira: EH?Bilduk datorren astean argitaratuko duen hiriko turismoari buruzko txostenaren arabera, legealdiaren hasieratik guztira 26 hotel berri ireki edo proiektatu dira Donostian (denbora horretan ireki diren hotel batzuk aurreko legealditik zeuden proiektatuta).
Hotelen ezohiko hazkunde horrek bizilagunen bizitzan eragin ditzakeen kalteengatik kezkaturik, herritar batzuek Hotel + Ez plataforma sortu zuten iazko irailean. Taldea Parte Zaharreko Kale Nagusiko 18. zenbakian eraiki nahi den hotelaren proiektua eteteko helburuarekin eratu zen duela urtebete. Orain, udarako etenaldiaren ondoren ikasturte berria abiatuta, euren ekintza-eremua hiri osora zabaldu nahi dute, auzoetako talde desberdinekin elkarlanean Donostiaren turistifikazio prozesua oztopatzeko asmoz.
Asteazkenean, Turismoaren Nazioarteko Egunaren bezperan, taldeko kideek elkarretaratzea egin zuten Santa Maria eliza parean. Zinemaldiari erreferentzia egiteko alfonbra gorri bat zabalduta, «Donostiaren glamourraren astean» ere euren borrokak bizirik jarraitzen duela aldarrikatu zuten.
Eragin zuzena hiritarrengan
Hiriko hotelen hazkundeak hiritarren bizi kalitatean eragin kaltegarri eta zuzenak dituela defendatzen dute Hotel + Ez-eko kideek. Salatzen dituzten eragin horietako bat, ikusgarriena agian, espazio publikoaren okupazioarena da. Plataformako kideen ustetan hotel bakoitzaren irekierarekin inguruko espazioaren erabilera aldatu egiten da, bizilagunen egunerokotasunean gatazkak eraginez.
«Adibidez, Lasala plazako hotela ireki zutenetik, auzoko zonalde horretara sartzen diren kotxeen kopurua bikoiztu egin da, eta bizilagunen kexak ugari jarri dituzte jada», Hotel + Ez-eko Ikerren arabera —plataformako kideen izenak asmatuak dira—.
Gainera, hoteletara datozen bisitarien erosteko ahalmenak eta kontsumoak auzoaren itxura eraldatzen dutela salatzen dute: «Parte Zaharrean asko nabaritu da komertzioak aldatu egin direla, turisten desiretara egokitzeko». Zentzu horretan, luxuzko hotelen eragina are bortitzagoa dela diote, goi-mailako produktuen denden sorrerak bizilagunen oinarrizko beharrak asetzen dituzten saltokiei lekua kendu dielako.
Elementu horien nahasketak Parte Zaharra pixkanaka bizilagunez husten joatea eragin duela uste du plataformako Mirenek: «Bizilagun asko joan egin dira, eta adinekoak direnak soilik ari dira geratzen». Horrek auzoaren izaeraren galera ekartzen dutela azaldu du: «Parte Zaharrean jendea etengabeko joan etorrian egoteak komunitatearen despertsonalizazioa dakar indarrez».
Horiek ez dira, ordea, Hotel +?Ez-eko kideek salatzen dituzten eragin kaltegarri bakarrak. Batetik, zabor bilketen areagotzeak eta bestelako zerbitzu publikoek suposatzen dituzten gastuen kanporatze bat ematen dela uste dute: «hotelek ordaindu beharko luketena hiritarrek ordaintzen dutela, alegia». Bestetik, turistentzako gune seguruak bermatzeko aitzakiarekin, herritarren kontrola areagotzen duen presentzia poliziala indartu egiten dela azaldu dute ere.
Guzti hori kontuan hartuta, hotelen eta turismoaren inguruko lanketak gai sozial eta politiko desberdinak ukitzen dituela ondorioztatu du Mirenek:?«Ez da hotel bat, bizitza ulertzeko modu bat baizik».
Turismo mota desberdinak?
Azken urtean, gizartean turistei buruzko «diskurtso arriskutsu» bat zabaldu dela nabaritu dute Hotel + Ezeko kideek. «Bi turismo mota daudela asko errepikatu da azkenaldian. Kalitatezko turismo bat eta kalitate baxuko beste bat, hain zuzen», azaldu du Ikerrek. Plataformako kidearen ustetan, «klase faktore garrantzitsu bat sartu nahi izan da hor, pentsio eta pisu turistikoetara doazen turistak arazoak sortzen dituztenak direla argudiatuz. Badirudi hoteletan lo egiten duten eta elegante jantzita ardo zuria edatera datozen ahalmen ekonomiko handiko turistek ez dutela kalterik eragiten, baina hori faltsua da».
Pentsio edo hotelak izan, «egiturazko arazoa» berdina dela azpimarratu du Mirenek: «Elegante jantzita edo hirian diru asko gastatzera badator ere, turistak eragin zuzena izango du auzoko bizitzan eta etxebizitzaren prezioan».
Parte Zaharretik auzoetara
Hotel +?Ez plataforma Parte Zaharrean sortu zen, Urgullpekoa baita betidanik turismoaren eragina gehien pairatu duen auzoa. Bertan dauden bi hotelez eta Kale Nagusian proiektatuta dagoen hirugarrenaz gain, auzoan 53 pentsio eta 200 pisu turistiko baino gehiago daude, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak egindako ikerketen arabera.
EH?Bilduk aurkeztuko duen txostenaren arabera, ordea, legealdi honetan hirian ireki edo proiektatu diren hotelak hamaika auzotan banatu dira: Erdigunea, Parte Zaharra, Amara, Amara Berri, Ibaeta, Aiete-Miramon, Egia, Intxaurrondo, Igeldo, Gros eta Ulia. Azken bi hauetan, bizilagunak hotelen irekieraren kontra mobilizatu dira, eta hori ikusita, euren ikuspegia hiri osora zabaldu eta auzo mugimendu horiekin indarrak batzeko aukera ikusi dute Hotel + Ez-eko kideek: «Turismoaren eragina gero eta nabariagoa da beste auzoetan, eta gure aldarrikapenak bertako bizilagunenei batzea gure helburuetako bat izan behar du».
Horregatik, datozen hilabeteetan auzoetako eta hiri mailako beste eragileekin dituzten harremanak indartu eta ekintza komunak egiteari ekingo diotela azaldu dute plataformako kideek.
Legealdi honetan ireki edo proiektatu diren 26 hotelak, auzoka
Donostiako Udalak iaz ‘Turismo Gida plana 2017-2021’ onartu zuenetik honaino izan diren joerak aztertzen dituen txostena argitaratuko du EH Bilduk datorren astean. IRUTXULOKO HITZAk kontsultatu ahal izan duen dokumentu horren arabera, hirian 26 hotel ireki edo proiektatu dira EAJ eta PSE-EEren legealdia hasi zenetik. Proiektatuta daudenen artean, batzuk tramitean daude oraindik, beste batzuk baimenduak edo auzitegietan daude eta gutxi batzuk obretan daude jada.