(Argazkia: Iñaki Agirre)
Manu Narvaezek (Donostia, 1961) esperientzia zabala bildu du 1997an turistentzako arreta zentroan lanean hasi zenetik. 22 urteren ostean, Donostia Turismoko zuzendaria da.
Hiri honek arazo bat dauka turismoarekin?
Pertzepzio desberdinak daude, eta bakoitzak bere erara sentitzen ditu gauzak. Datu objektiboei begiratuta, askotan konparazioetarako erabili ohi diren hirietatik oso urruti gaudela esango nuke nik. Bartzelonan, esaterako, urte osoan zehar biztanle bakoitzeko 12 turista jasotzen ditu hiriak. Donostian, berriz, 3,5 dira. Hemen 600.000 turista inguru jasotzen ditugu urtean, 186.000 biztanleko hiri batean.
Bestetik, nabarmendu nahi dut iaz hirian zenbatutako gaualdien kopurua 1929 urtekoaren berdina izan zela. Orduan jende gutxiago zetorren oporretan, baina askoz denbora luzeagorako. Horrekin esan nahi dut turismoaren fenomenoa ez dela berria. Bartzelonan turismoaren fenomenoa berri samarra da, eta hiria aldatu du azken urteetan, baina hori ez da Donostiaren kasua. Hortaz, pertzepzioak pertzepzio, datu objektiboek nahiko ondo gaudela esaten dute.
Eta argitu nahi dudan beste kontu bat: espazio publikoaren okupazioa ez du bakarrik turistak egiten, hemengoak ere egiten du. Hemen egun pasa datorren txangozale asko dago, inguruetako jendea alegia, eta turistak izan gabe espazio publikoa okupatzen dute. Guk egin dugun azken ikerketaren arabera, joan den abuztuan Parte Zaharretik zebilen pertsonen %80a Gipuzkoakoa zen.
Egoera ez dela berria eta Parte Zaharreko kaleak inguruko herrietako jendeak betetzen dituela diozu, hortaz?
Turistekin batera pilatzen direla esan nahi dut.
Eta egoera berria ez bada, zer da aldatu dena? Zergatik ari gara turismoari buruz hitz egiten?
Bi gauza aldatu dira. Batetik, hirira datozen turista gehienak jada ez direla estatukoak, atzerritarrak baizik. Horrek turistaren presentzia deigarriagoa egiten du. 2011n Donostiara lotara zetozen turisten %70ak estatukoak ziren. Joan den urtean, berriz, %60a atzerritarrek osatu zuten. Hizkuntza eta janzkera desberdinarekin datorren turista askoz nabarmenagoa da, Madril edo Zaragozatik datorrena baino.
Bestetik, turismoarekin arazoak dituzten hirietan nolabaiteko diskurtso bat eratu da, eta diskurtso hori komunikabideen bitartez beste leku batzuetara zabaldu da, klixe moduan. Iaz diskurtso horrekin kutsatu ginen. Modu errazean gureganatu genuen.
Hemen lo egiten duen turisten kopuruak gora egin duela datu objektiboa da.
Dudarik gabe, baina datu bat gehitu nahi diot horri. Eustateko datuak hartuta, joan den abuztuan 70.000 turista egon ziren Donostian. Eguneko 2.250 inguru dira. Hiriak 186.000 biztanle ditu, eta horietako batzuk ere oporretan joango ziren hilabetean zehar, ezta?
Duela hamar urte 2.250 turista horiek 500 gutxiago izan zitezkeen, baina aldaketa horren presioa ez da nabarmena.
Niretzat kezkagarriagoa da alokairu turistikoaren eragina, baina gai horretan erabakiak garaiz hartu direla iruditzen zait.
Hotelekiko apustua egin da pisu turistikoen fenomenoari aurre egiteko?
Udalak ez du hotelen aldeko inolako apusturik egin.
Azken legealdian baimen asko eman dira.
Eta aurreko legealdian ere bai. Baimenak eman badira, araudia 2010etik aldatu ez delako da eman dira.
Hemen izan den aldaketa bakarra da inbertsioa erakargarriagoa egin dela. Izan ere, araudi berdinarekin duela zenbait urte inork ez zuen hirian hotel bat irekitzeko asmoa agertzen.
Erakunde publikoetatik ez al da erakargarritasun hori sustatu?
Merkatuaren datuek egiten dute Donostia erakargarri inbertsoreentzat: 2010etik hirian eskaintzen diren plazak %17 hazi dira. Turisten eskariak, berriz, %34. Bikoitza.
Gainera, Donostiako gelen errentagarritasuna estatuko altuena da, Bartzelonakoekin batera. Hortaz, araudiak baimentzen duen heinean, inbertsoreek euren apustua egiten dute.
Eta zein da aurreikuspena? Hotelak mugarik gabe ireki daitezke hirian?
Hasteko, aipatu beharra dago hotelak oso inbertsio handiak direla, eta proiektu askok atzera egin dutela jada. Hori esanda, plan orokorrak bizitzeko azalera eta bestelako zerbitzuetara bideratutako azaleraren arteko oreka bat aurreikusten du. Badago hausnarketa bat horren inguruan.
Turistifikazioaren kezka dela-eta Bizilagunekin eta Hotel + ez plataformak sortu dira. Zein irakurketa egiten duzu horretaz?
Plataforma horiek betetzen duten funtzioa beharrezkoa dela uste dut. Jendearen pertzepzioak eta errealitateak kanporatzea garrantzitsua da, hiriarentzat osasungarria delako.
Eztabaidak onuragarriak dira, baina saiatu beharra dago diagnostiko bat egiterakoan datuetan oinarritzea eta errealitatea ahalik eta modu zabalenean begiratzea.
Urte asko daramatzazu bulego honetan. Denbora horretan turistaren profila asko aldatu da?
Bai. Lehen esan dudan bezala, aldaketa nagusiena turistaren jatorrian eman da. Atzerritarren kopuruak gora egin du, eta lehen gehienak frantsesak ziren bitartean, orain estatubatuarrak, alemaniarrak, australiarrak edo japoniarrak etortzen dira gurera. Estatuko bisitariei dagokienez, andaluziarren hazkundea nabarmena izan da.
Donostia errealitate desberdineko hiriekin alderatzen dela esan duzu. Zein hiriren eredua jarraitu beharko luke?
Frankeinstein bat egingo nuke, hiri desberdinetako elementuak uztartuz, baina bere osotasunean eredugarria iruditzen zaidan hiririk ez zait okurritzen.