Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuaren langileek protesta egin dute udal batzar aretoan.
Zaborren eta uraren tasak %3 igoko dituzte, defizitari aurre egiteko. Antiguako Gorgatxo plazari Mikel Laboa izena jartzea adostu dute aho batez alderdi guztiek.
Donostiako Udal Gobernuak hainbat erabaki hartzeko baliatu du opor osteko lehen udalbatzarra. Esaterako, zerga arauen proposamena aurrera atera dute gainerako udal taldeen erabateko babesa lortu gabe. Iraileko udalbatzarra abiatu aurretik, hirian izan den azken eraso sexista salatzeko minutu bateko isilunea egin dute. Jarraian hainbat udal adierazpen ere onartu dituzte. Tartean, euskal presoak Euskal Herriratzearen aldekoa. Alderdi guztiek bat egin dute, PPk izan ezik.
Ogasun batzordeari loturiko gaiek denbora tarte zabala hartu dute iraileko udalbatzarrean. Udal gobernuak uztaila bukaeran aurkeztu zuen zerga arauen proposamena. Batez beste, zerga arauak %1 handitzeko proposamena egin zuten, presio fiskalari eustearekin batera. 23 arauetatik 6 aldatzeko proposamena udalbatzarrean jorratu dute.
Zaborren zerga %3 igotzea adostu dute EAJk eta PSE-EEk, gainerako udal taldeen kontrako botoarekin. Defizitari aurre egiteko neurria dela argudiatu duJaime Dominguez Macaya Ogasun zinegotziak. «Herritarrei esfortzu berri bat eskatu behar diegu, defizita handiegia delako». EH Bildu, Irabazi Donostia eta PPko udal taldeak udal gobernuaren erabakiaren kritiko azaldu dira. «Ez da momentua horrelako igoera bat egiteko, esan du Josu Ruiz zinegotziak. «55 euro gehiago ordaindu beharko du familia bakoitzak. Zuen kudeaketa bakarra da tasak igotzea, arazoa aztertu eta ikerketa bat egin beharrean», salatu du Miren Albistur PPko bozeramaileak.
Zaborren gaineko tasa ez ezik, ur eta saneamenduaren zerga ere %3 igotzea onartu du udal gobernuak. «Ur zenbagailuak jartzea ezinbestekoa da, bai udalarentzako eta bai herritarrentzako ere. Horrek dakarren kostua denon artean ordaindu behar dugu», argudiatu du Macayak. Oposizioko hiru alderdiek kontra agertu dira.
Ondasun Higiezinen edo etxebizitzen gaineko zerga, berriz, %1 igoko dute. Alderdien arteko eztabaidan iritzi desberdinak azaleratu dira. Udal gobernuaren proposamenarekin bat egin du EH Bilduk, eta etxe hutsen gainordaina handitzeko eskatu du. Ordea, PPk eta Irabazik ez dute neurria begi onez ikusi. «Etxe hutsen gainordaina mantentzeak ez du etxebizitzetara sarbidea errazten», adierazi du Albisturrek.
Mikel Laboa plaza
Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du Antiguako Gorgatxo plazari Mikel Laboa izena jartzea. Pasa den maiatzean egin zuten hainbat herritarrek plazari izena aldatzeko proposamena. Udalak jaso, aztertu eta Euskara Zerbitzuak aldeko iritzia eman ondoren, iraileko udalbatzarrean onartu dute aldaketa. Plazan bertan dago musikariari eskainitako horma irudia.
Hiriko kale eta plazetako izen aldaketari dagokionez, beste erabaki bat ere hartu du udalbatzak. Antiguako Clara Campoamor eta Erdialdeko Aita Vinuesa plazen izenak trukatzea adostu dute udal talde guztiek.
Pentsiodunak
Donostiako pentsiodunei eskura dituzten diru laguntzen berri emateko informazio kanpaina abian jartzeko eskatu du EH Bilduk. Martxoan adosturiko moziotik bost hilabete pasa diren arren, udalak ez du konpromisoa bete. Horrela ere, udal gobernuak adierazi du urtea bukatu aurretik abian jarriko dutela.
Etxez etxeko langileen alde lan egiteko prest
Azken egunetan, Donostiako etxez etxeko langileak geldialdiak egiten ari dira udaletxearen aurrean, lan baldintza duinak eskatzeko. Etxetik etxerako denbora ordaintzen ez dietenez, grebara joko dute urriaren 22an, egoera aldatzen ez bada. Udalari ahalegin bat egiteko eskatu diote udal batzar aretoan.
EH Bilduk aurkezturiko proposamena onartu dute alderdi guztiek. «Hiriko 400 emakumeri lana ematen die eta 1.500 familiei zerbitzua», azpimarratu du Olaia Duarte zinegotziak. Etxez etxeko zerbitzuaren garrantzia azpimarratu dute udal talde guztiek. Era berean, langileen baldintzak hobetzeko konpromisoa hartu du udal gobernuak.