«Elkarretaratzeek ez gaituzte asetzen, beste zerbait behar dugu»
Amaia Oulad eta Leire Bayon, Zirgari taldeko kideak.
Bukatu da udara, eta iritsi da atzera begira jarri eta balorazioak egiteko unea. Asko izan dira aurtengo udaran eraso matxistak salatu dituzten emakumeak. Zirgari Donostiako Piraten lantalde feminista da, eta bere kideak dira Amaia Oulad eta Leire Bayon. Gogor aritu dira jai parekide eta feministen alde lanean. Osasuntsu al dago Donostiako mugimendu feminista? Leire Bayon (L.B.): Ni ez nago auzoetako mugimendu feministetan, ezta Donostiako Asanblada Feministan ere, beraz, kanpotik soilik hitz egin dezaket. Hala ere, uste dut nabari dela mugimendu feministaren presentzia hirian. Horren adierazgarri izan daiteke hiriko auzo gehienetan dauden lan talde edo asanblada feministak. Amaia Oulad (A.O.): Ni Zirgari lantaldeko kidea izateaz gain, Groseko Asanblada Feministako kidea ere banaiz. Uste dut hiriko mugimendu feminista indartsu dagoela. Hainbat talde feminista daude eta berriak sortzen ari dira, Donostiako Asanblada Feminista, Antiguako Txitxibitxiak, Intxaurrondoko Neska Gazteen Asanblada, Egiako Neska Gazteen Asanblada eta Donostiako Bilgune feminista, besteak beste. Udaran zehar, gainera, mugimendu feminista presente egon da eta horren adierazgarri da gero eta auzoko jai gehiagotan eraso sexisten aurkako protokoloa dagoela, adibidez. Bestalde, irailean egin genuen Donostiako Asanblada Feministako bileran ere jende asko elkartu ginen. Osasuntsu dagoenaren adierazgarri izan daiteke. Hainbat asanblada eta lan talde feminista daude hirian. Elkarren artean saretuta zaudete? A.O.: Hori da daukagun erronketako bat. Grosen askotan komentatu izan dugu saretzeko daukagun gogo eta behar hori. Elkar ezagutzen dugu beste gune batzuetan batera aritzen garelako, baina ez dut uste behar moduko sareak ditugunik. Udara gogorra izan da hirian. Jaietako testuinguruan eta handik kanpo eraso matxista ugari salatu dira. Nola bizi izan duzue Zirgarin? L.B.: Aurten Zirgari taldea osatu dugunetako batzuk iaz erasoen aurkako telefonoaz arduratu ginen. Orain arte Piratetako Talaia lantaldea arduratzen zen lanketa horretaz baina haiek utzi zutenean zeregin hori ez zuen inork bete. Telefonoaren ardura 24 orduko txanda bat zen, arreta berezi bat behar zuena, baina ohartu ginen beste gabezia asko genituela eta horregatik sortu genuen Zirgari. Nola bizi izan duzue aurten Aste Nagusia? L.B.: Hasieratik hasi behar izan dugu lanean. Talaiako kideekin eduki dugu harremana eta gauza batzuk azaldu dizkigute, baina hortik aurrera geuk egin behar izan dugu guztia. Gustura eta pozik gaude egin dugun lanarekin, baina gabezia batzuk ere ikusi ditugu eta zenbait gauzek ihes egin digute. A.O.: Dena den, ez gara bakarrik aritu. Eraso sexisten aurkako elkarretaratzea, esaterako, mugimendu feministarekin batera deitu ditugu, elkarrekin antolatu ditugu eta hor elkar elikatu gara. Hala ere, hurrengo urterako jaien aurretik elkartu nahi dugu plangintza bat antolatzeko Aste Nagusira begira, horrela, Piratok mugimendu feministarekin hobeto koordinatu ahal izateko. Amorrua eragiten du jaietan etengabe protestan aritu behar izateak? L.B.: Bai, amorrarazten du. Protesta egin behar izateak baino gehiago, goizean esnatu eta beste eraso bat gertatu dela entzuteak. Esnatu eta elkarretaratzeko deia egiten hasten zara, eta hurrengo egunean berriz. Elkarretaratzeak amorru hori azaleratzeko modu bat dira. Hala ere, maiz zalantza egiten dut elkarretaratzeak zein eragin duten. Egia da jendea biltzen dela, eta arazoa ikusarazteko balio dutela, baina hori baino zerbait gehiago behar dugu. A.O.: Askotan, amorru hori ezintasun sentsazio batetik dator. Ezintasuna, erreminta faltagatik. Elkarretaratzeek ez gaituzte asetzen, beste zerbait behar dugu. Jaietan eraso sexisten ardura edukitzeak plazera alboratzea ekar dezake? L.B.: Ni pozik nago talde polit bat osatu dugulako. Elkar ez ezagutzetik sare ederra osatzera pasa gara eta ondo pasatu dugu elkarrekin. Hala ere, ez dago aurreko Aste Nagusiarekin alderatzerik. Iaz kofradiarekin egon nintzen eta aurten beste erritmo eta plangintza baten arabera gozatu ditut jaiak. Guztiz ezberdina izan da. A.O.: Aurten lantaldearekin denbora gehiago pasa dut jaietan kofradiako lagunekin baino. Ez dauka inongo zer ikusirik iazko Aste Nagusiarekin. Gauza bat edo bestea tarteko, Zirgari taldea egunero biltzen zen. Pertsonalki uste dut baietz, neurri batean behintzat plazera alde batera utzi dudala. Erasoak salatzeko orduan udalarekin harremanetan egon zarete? L.B.: Talde berri bat garenez geure lekua egin behar izan dugu, bai Piraten mugimenduan baita handik kanpo ere. Dena den, erakundeetatik gauza asko bota ditut faltan. Egia da gure elkarretaratzeei atxikimendua eman zietela eta horietako batera Eneko Goia alkatea ere etorri zela, baina iruditik harago gauza gutxi erraztu dizkigute. Esaterako, elkarretaratze edo manifestazioen orduan Bulebarrean kontzertua jotzen zuten taldeekin zuzenean hitz egin behar izan dugu protestak iraun bitartean jotzeari utz ziezaioten. A.O.: Bestalde, udalak hainbat kontraesan eduki ditu Aste Nagusian. Esaterako, su artifizialen kartelean emakume bat ageri zen mihia kanpoan izozki bat jaten ezpainak gorriz pintatuta. Nola liteke eraso sexisten postua jartzen duten berberek gero halako kartel sexistak egitea? Zirgari taldea elkartu da atzera begiratu eta balorazioa egiteko? L.B.: Bai, balorazioa egin eta Piraten koordinazio gunera eraman genuen, horrela euren sentsazioak ere jasotzeko. Datorren urterako indartsu zaudete? A.O.: Orain gutxienez badakigu nondik hasi eta zer hobetu, oinarri bat daukagu. Iaz telefono bat bakarrik zegoen, eta aurten puntu more bat eta protokolo berri bat sortu ditugu. Dena berria izan da guretzat, eta ondo atera dela uste dugu. Nola animatuko zenukete jendea taldera? L.B.: Talde polita daukagula uste dut eta gustura ari gara. A.O.: Egin behar den lan bat dela uste dut, eta guk nahi dugulako egiten dugu, elkarrekin jardutea errazago izango da.MOTZEAN Mugimendu feministak hirian egin duen egun edo jarduera garrantzitsu bat? L.B.: Aurtengo martxoaren 8a. A.O.: Ados. Niretzat ere martxoaren 8a izan da azken urteetako egunik indartsuena. Aurrera begira duzuen erronka bat? A.O.: Indarrak neurtzea. L.B.: Indarrak gehitzea. Erakundeei eskatuko zenieketen zerbait? A.O.: Mugitzeko. L.B.: Zintzotasuna. Jaiez gozatzeko espazio seguru bat? A.O.: Sardiñerria festa eta Donostiako Emakumeen Etxeko urteurren festa.