25 urtez lagun artean euskaraz mintzatzen
25 urte beteko ditu aurten Mintzalaguna egitasmoak. ‘Bidelari’ izatetik ‘bidelagun’ izateko pausoa eman dute Nekane Duran eta Aritz Brantonek eta euskara ikasteko orduan mintzapraktikaren garrantzia azpimarratu dute.
Mintzalaguna programa Donostian sortu zuen Bagera elkarteak, 1993ko abenduan. Aurten 25 urte beteko ditu eta Bagerako Aitziber Gurutzeagak oroitu duenez, 12 lagunekin hasi zen egitasmoa, «oso modu xumean». Urtetik urtera programa indartzen joan da eta Euskal Herriko hiri eta herrietara ere zabaldu da. «Mintzalaguna osasuntsu eta sendo» dagoela baieztatu du Gurutzeagak. Iaz, esaterako, 7.500 lagunek hartu zuten parte Euskal Herria osoan, eta 400 inguruk Donostian. Aurten ere iazko parte hartzaile kopurua berdintzea espero dute antolatzaileek.
Bagerako kideak aurreratu du Mintzalagunaren 25. urteurrena ospatzeko festa egingo dutela azaroaren 23an, Bulebarrean.
Euskarazko mintzapraktika sustatzeko egitasmoa da Mintzalaguna eta euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak (bidelaguna), euskaraz hitz egiteko ohitura ez duten pertsonekin (bidelaria) elkartzean datza. Donostiako Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen ematea urriaren 1ean hasi zen eta 21era arte luzatuko da. Hainbat modutan egin daiteke:?943 00 50 74 telefonora deituz, mintzalaguna@bagera.eus helbidera mezua bidaliz, Bagera elkartera joanez (Hernani kalea, 15) eta www.bagera.eus webgunean.
‘Bidelari’-tik ‘bidelagun’-era
Mintzapraktika programan parte hartzeko milaka arrazoi eta motibo egon daitezke, hala nola, euskara praktikatu nahi izatea, euskara maila hobetzea, harreman eta lagun talde berria bilatzea, euskara ikasten ari direnei prozesuan lagundu nahi izatea eta euskararen normalizazioan ekarpena egitea.
Mintzalaguna egitasmotik pasa den pertsona adina kontakizun eta gertaera daude, baina, orokorrean, esperientzia oso positibotzat daukate denek. Pertsona horien artean daude Aritz Branton eta Nekane Duran.
Branton eta Duran duela urte asko hasi ziren euskara ikasten, eta prozesu horretan paper garrantzitsua jokatu du bientzat Mintzalagunak. Duran Iruñean jaio zen eta 19 urterekin hasi zen euskara ikasten, Arturo Campion euskaltegian. Branton, aldiz, Erresuma Batuko Malmesbury herrikoa da eta 2007an hasi zen euskara ikasten Donostian.
Branton 2007an hasi zen bidelari moduan eta duela hiru urte, bidelagun izatera pasatzeko gonbidapena egin zioten. Esan duenez, «ohore bat da bidelaguna izatea. Nire ikasketa prozesuan lagundu didaten guztiengandik jaso dudan guztia itzultzeko modu bat da». Proposamena jasotzea ezustekoa izan zela kontatu du, eta bere euskera «perfektua» ez zela jakin arren, onartu egin zuela, «euskararekiko sentitzen duen arduragatik».
Duranek, aldiz, duela hamar urte utzi zion bidelari izateari, bidelagun izatera pasatzeko. «EGA agiria lortzeko azterketara hiru aldiz aurkeztu nintzen eta beti ahozko proban huts egiten nuen», azaldu du Iruñeakoak. Mintzalagunak erronka hori gainditzen lagundu ziola aitortu du. «EGA lortu nuenean erabaki nuen bidelagun bihurtzea, eta orduan konturatu nintzen nire buruarekiko konfiantza asko hazi zela».
Abantaila nabarmenak
Egitasmoak eskaintzen dituen espazioen horizontaltasuna nabarmendu dute biek, bi figuren arteko hartu-emana oso emankorra delako. Kontatu dute denek ikasten dutela asko, eta gainera, talde txikiek saioak pertsonen behar eta helburuetara moldatzeko aukera ematen dutela. «Niri ez zait gustatzen bidelariek baino gehiago hitz egitea, niri entzutea gustatzen zait. Beti galdetzen diet zein behar dituzten eta saiatzen naiz etengabe zuzenketak ez egiten, horrek pertsona batzuk asko blokeatzen ditu eta» aitortu du Duranek.
Brantonek nabarmendu du Mintzalagunak eskaintzen duen espazio informala oso aberasgarria dela ikasketa prozesurako. Gaineratu du ikas-zentroetan paperak oso argiak direla, baina mintzapraktika modu honetan, adea ez dela horren handia: «Badago gehien dakien pertsona bat (bidelaguna) eta bidelariek pertsona horren laguntza behar dute; hala ere, bidelaguna ez da irakasle bat, solaskidea baizik».
Bidelagunek ere asko ikasten dutela gaineratu du, askoren ama hizkuntza euskara izanagatik eta hitz egiteko gaitasuna handia izan arren, gramatika eta euskararen hainbat aspektu «ahaztuak» izaten dituztelako.
Era berean, Duranek mintzapraktikak euskararen normalizaziorako duen garrantzia goraipatu du:?«Oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat hizkuntza beste modu batera ezagutzeko aukera eman didalako. Ikasketa esparru formaletatik kanpo dauden guneak sortzen direnez, euskara gure bizitzan normalizatzeko aukera ematen du mintzapraktika egiteko modu honek».
Duranek aurten ere parte hartuko du, bidelagun gisa. Brantonek, aldiz, denbora faltagatik ezingo du jarraitu; hala ere, bere egunerokotasunean ingurukoekin eta behar duen ororekin bidelagun izaten saiatzen dela baieztatu du. Zintzotasunez adierazi dute Mintzalagunak haien bizitzetan izan duen eragin positiboa, eta euskara ikasten ari direnak eta baita euskaragatik zerbait egin nahi dutenak Mintzalagun izatera animatu dituzte.