Pinuen gaitza, baso politika aldatzeko aukera
Aspaldiotan ‘intsignis’ pinuen izurriteen gaia puri-purian dago. Kezka handia zabaldu da egurgintza sektoreetatik gizarte osora. Orain arteko baso politikaren porrotak bide berriak urratzeko aukera ematen du, baina gogoeta sakona eskatzen du gizarte osoa inplikatuz.
Izurriteen arazoa ez da berria, bai, ordea, banda gorriak eta marroiak eragiten duten onddoen egungo erasokortasuna, nola eta zein azkar zabaldu den. Gaitza hiru onddok batera eragiten dutela dirudi, eta adituek ikertu beharko dute zergatik gertatu den. Kontua da Donostialdean, esaterako, pinuen % 70etik gora gaixorik dagoela, eskualderik kaltetuena izanik. Hiriburuan asko nabari ez bada ere, herrietan koniferoen gorritasunak eremu zabalak hartu ditu, udazken iraunkorra ekarriz.
Ugariak izan dira erakundeetatik eginiko adierazpenak. Horietako batzuk nahita esandako okerrak, landaketak basoak direla kasurako. Egurzaleek klima aldaketa darabilte haien mesedetan, euren landaketek karbonoa xurgatzen dutela argudiatuz. Egia, baina espeziea txanda motzekoa bada, pista ugarirekin malda handitan, makineria astuna erabilita eta egurra urrutira kamioietan bidalita, handiagoa izan daiteke isuritako karbonoa xurgatutakoa baino. Esaten dute mendiak landatu gabe galdu egiten direla, naturak bere lana egiten jakingo ez balu bezala. Sinetsarazi nahi digute koniferoen eta hostozabalen artean oreka dagoela. Koniferoek erkidegoan azaleraren %55 hartzen dute, eta %45 hostozabalek. Baina autoktonoen portzentaia baxuagoa da, haien artean zuhaitz arrotzak baitaude: eukaliptoak, haritz amerikarrak, tuliperoak… Bertako gehienak Araban daude, Bizkaian eta Gipuzkoan pinua da nagusi.
Pinuaren monokultiboa
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako baso politika pinuaren monokultibora zuzendu da gehienbat, diru-laguntzetan oinarrituz eta urte askotan lur-publikoa den %20an ere egur ekoizpenari begirako kudeaketa burutuz. Ulertzekoa da, beraz, izurriteak sortutako kezka. Kontua ez da pinuak bai ala ez, landaketak nola kudeatzen diren baizik. Pinuen ustiaketa matarrasetan oinarritu ohi da, mendiko aldapari gehiegi begiratu gabe. Horrek lurzoru galera dakar eta higadura arrisku handia. Inpaktuei begira, penditzak eta soilketaren azalerak eragina handia dute. Europako hainbat herrialdetan kalteak gutxitzeko moztu daitekeen eremua mugatuta dago segidako bat edo bi hektareatara. Horrek hemen izan ez den mendi antolaketa eskatzen du. Hortaz, ez da harritzekoa gurean ibaiak maiz, euri gehiegi bota gabe, marroiak etortzea, Urumean sarri ikusten dugunez.
Argi dago pinu-monokultiboaren estrategiak porrot egin duela. Batzuek etekin ekonomiko azkarra bilatu dute kanpoko inbaditzailea den eukaliptoa aukeratuz, eragiten dituen kalteei so egin gabe. Suaren laguna den espezie horrek lur azpiko ur-sistemetan eragiten du, lurra pobretu eta fauna zein flora kaltetzen ditu. Horren harira, Aranzadi Zientzia Elkarteak anfibioen osasunean baso mota ezberdinen eragina aztertu zuen. Emaitzetan ikusi zen hariztietakoak zirela osasuntsuenak eta, aldiz, eukaliptadietakoak askoz traketsago zeudela, populazioak arriskuan egoteraino.
Agerian gelditu da aldundiaren ezintasuna, kontserbazio politika eza eta egurgintzara bideratutako baso-politika ankerra. Balio naturalak kontserbatu ordez, bakar batzuen ekonomiaz arduratu da, baserritarrak erabiliz handi horien mesedetan. Egurgintzak eta baso landaketek tokia badute, baina Erakundeak bermatu beharko luke denon ongizatea eta naturaren kontserbazioa. Horrek gizarte osora zabaldutako eztabaida sakona eskatzen du. Bide horretatik, Gipuzkoako natur taldeok biltzen gaituen Naturkon plataforma beti politika berriaren diseinuan parte hartzeko prest azaldu da.
Natur baliabideen kudeaketa diputazioari badagokio ere, izadiaren kontserbazioan udalek badute zer esan. Planeamenduaren eta ordenantzen bidez arautea badaukate. Dagoeneko Euskal Herriko hainbat udalerrik serio heldu diote gaiari, esaterako, eukaliptoa debekatuz. Donostiako Udalak gauza bera egin lezake hainbat espezie galeraziz edo planeamenduan eremu natural gehiago babestuz. Udal Ingurumen sailetik hemengo espezieen eta habitaten alde egin dute, iraganeko akatsak zuzenduz. Artikutzan, Ulian edo Mendizorrotzen ikus daiteke, nahiz eta azken horretan kontraesanetan erori, basoberritzea eta ganadua uztartu nahi izateagatik. Bitartean ordea, Hirigintza Iraunkorra zinikoki deiturikoak, gero eta urriagoak diren landa eremuak suntsitzen jarraitzen du. Horrela Añorgako Belartza goikoan merkataritza gune erraldoia sustatzen du landa zabala eta basoa den tokian. Unanue Landa Parkearen zati izan behar zuena porlanaz bete nahi dute. Sail horrek aginduta ere gertatu zen Lourdes Txikiko txikizioa, non udalak berak babestutako basoa bota zuten, ehun urtetik gorako haritzak ebakiz.
Erakunde publikoei eskatzen diegu Naturaren kontserbazioaren bermatzaile izan daitezela, politika egokiak bideratuz. Hemengo espezieetan dago etorkizuna, eta hori bistarazteko, urriaren 27an eta 28an Kontxan hemengo zuhaitzen haziak banatuko ditugu, aurreko 24 urteetan egin dugun lez. Hartu zeurea eta erein!