Martutene eta Amara Berriko festak dira urteko azkenak

martuteneko_festak

Arantzazuko Ama ikastolako jolastokia jendez bete zen iazko Sagardo Egunean (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Txupina botata abian dira udazkenean ospatzen diren bi auzoetako jaiak. Martuteneko festek ohiko egitaraua izango dute, hainbat berrikuntzekin. Amara Berriko jai herrikoiek, aldiz, jai gune berria izango dute.

Festarik festa pasatzen du urtea Donostiak. Auzoetako jaiak dira horren eredu. Udazkenean bi dira ospatzen direnak: Martuteneko jaiak eta Amara Berriko Superxagu jai herrikoiak. Lehenak, Pilarko eguna du nabarmenduta egitarauan. Bigarrenak, ordea, festa arrotza dela dio. Dena dela, biek ala biek egingo dute bidea igandera bitarte ohiko egitarauekin, eta zenbait berrikuntzekin.

Lau eguneko festa antolatu dute Martutenen, eta gaurkoa dute bigarrena. Baita garrantzitsuena ere. Pilarko eguna modu berezian ospatzen dute Martutenen. Sagardo Egun ezaguna egingo dute gaur, 12:30ean. Arantzazuko Ama ikastolaren jolastokian elkartuko dira. Sagardotegi desberdinetako sagardoa dastatu, artisauen postuak bisitatu eta bakailao lehiaketa egingo dute.

Gaurko berritasun nagusiena, ordea, Urumeako uretan izango da. Garai bateko arraun erakustaldia berreskuratu dute. «Arraun Lagunak elkarteak antolatuta, talde gazteen arteko lehia egingo dute ibaian. Bestalde, 13 eta 16 urte bitarteko gazteei aukera emango zaie arraunean aritzeko», adierazi du Idoia Arregi jai batzordeko kideak.

Beste berrikuntza biharko herri bazkaria izango da. «Menua aldatu dugu. Valentziako paella dastatuko dute etortzen direnek. Aldatzea erabaki dugu eskaintza goxo eta desberdin bat egiteko». Entsaladarekin batera osatuko dute menua. 14:30ean izango da eskolako jolastokian.

Frontoiaren aurrean
Amara Berriko Superxagu jai batzordeak jai gunea lekuz aldatu behar izan du. Olaeta plazatik Atano III. pilotaleku aurreko aparkalekura mugitu dute jai gunea. «Anoetako obrengatik kultur etxean zeuden haurtxokoa eta gaztelekua Olaeta plazan kokatu nahi ditu udalak», azaldu du Lide Arluziagak, jai batzordeko kideak. Aldaketarekin beldur pixka bat dute, parkina auzotik urrunduta geratzen delako. «Toki aldaketa behin-behinekoa izatea espero dugu».

Egitarauari dagokionez, barrikote bertso bazkaria egingo dute gaur, 14:00etan. Eli Pagola eta Alaia Martin bertsolariak ariko dira kantuan. Horrez gain, berrikuntza batzuk sartu dituzte adin tarte guztiak erakartzeko. Adibidez, Gazte Kluedoa! egingo dute gaur 21:00etan, Euskotren geltokitik abiatuta. Bestalde, bihar, Sound System gunea estreinatuko dute Atano atzeko frontoi txikian (17:00).
Igandean, lehen aldiz, kultur aniztasunaren aldeko egun osoko festa bat egingo dute, 12:00ean: dantzak, bazkaria eta musika. Hego Ameriketako kolektibo bat arduratu da antolatzeaz.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend