(Argazkia: Iñaki Agirre)
OSAGAIAK
- Letxuga
- Endibia
- Azenarioa
- Batata
- Kalabazina
- Lekak
- Aza gorria
- Soja saltsa
- Sesamo haziak
PRESTAKETA
Plater gozo zein osasuntsua izateaz gain, Larre jatetxeko barazki entsaladak oso prestaketa sinplea du.
Batetik, barazki eta ortuariak zatitu egingo ditugu, gero zartaginean kolore pixka bat hartu arte salteatzeko. Plateraren oinarria letxuga, endibia eta aza gorriarekin osatuko dugu.
Barazkiak prest edukitzean, platerera gehituko ditugu eta soja saltsa botako dugu gainetik. Amaitzeko, sesamo haziekin emango diogu azken ukitua. On egin!
Arantxa Zubillaga, Larre jatetxea
(Argazkia: Iñaki Agirre)
«Jendea lasaitasun bila dator hona, bista ederraz gozatu eta ondo jateko asmoz»
Nolatan animatu zineten jatetxea irekitzera?
Larrekoetxea baserria nire senarraren familiarena zen, eta ezkondu ginenean bion artean hemen zerbait egitea erabaki genuen. Hasieran, ukuilu bat besterik ez zegoen, eta guk berotegiak jarri genituen.
Duela 23 urte, ordea, hori guztia kendu eta jatetxe bat irekitzeari ekin genion. Nik sukaldaritza ikastaro bat nuen eginda, ez nuen askoz esperientzia gehiagorik, baina ideia gustatu egin zitzaigun eta animatu ginen.
Zein sukaldaritza mota eskaintzen duzue?
Sukaldaritza tradizionala egiten dugu. Gaur egun kazolatxoak ez dira horrenbeste ikusten, eta hemen asko lantzen ditugu:?belarriak, tripakiak, isatsa, masailak…
Menu begetarianoa ere eskaintzen hasi ginen duela gutxi.
Postreari garrantzi handia ematen diozue, ezta?
Hala da. Etxeko postreak egiten ditugu, prestakuntza asko zainduz: Flan bizkotxoa, torradak, pantxineta…
Platerez gain, jatetxearen kokapena ere nabarmentzekoa da.
Jendea lasaitasun bila dator hona, bista ederraz gozatu eta ondo jateko asmoz. Asko eskertzen dituzte kokapen honek ematen dituen abantailak. Donostiatik eta Lasartetik bazatoz berehala zaude hemen, eta aparkatzeko lekua badago.
Gainera, umeentzako leku pila daukagu, parke eta guzti, gurasoek lasaitasunez bazkaldu ahal dezaten.
Zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Ba, Parte Zaharreko Juantxo taberna, adibidez. Agian nahiko klasikoa da gomendio gisa, baina gu askotan joaten gara horra eta gustura jaten ditugu hango bokatak.