Donostian 13 haur eskola daude gaur egun, eta horietako bat da Ategorrietan dagoen Ategorritxo. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu dute hirian hiru haur eskola berri eraikitzeko. Orixe ikastolan ere hobekuntzak egingo dituzte.
Hurrengo urteetarako hezkuntza protokoloa sinatu dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hain zuzen ere, 2021era bitartean hiru haur eskola berri eraikitzea adostu dute. Gaur egun hiriak dituen hamahiru haur eskoletan 600 plaza inguru eskaintzen dira 0 eta 2 urte arteko haurrentzat. Altzako Jolastokietan, Loiolako Erriberan eta Grosen eraikiko diren haur eskola berriekin plaza kopurua 670era iritsiko da; egun baino 70 plaza gehiago izango dira.
Protokoloak ezartzen duen kronogramaren arabera, era mailakatuan jarriko dituzte abian haur eskola berriak. 2019-20 ikasturterako Altza Jolastokieta haur eskola berriaren lanekin bukatzea aurreikusten dute. «Harri Berri eta Erroteta eskolek egun eskaintzen duten zerbitzua batuko du espazio bakarrean», azaldu du Jon Insausti Hezkuntza zinegotziak. Jolastokietako urbanizazio berrietan egongo da eskola berria. «Modernoagoa eta erosoagoa izango da haur zein hezitzaileentzako».
Loiolako Erriberako haur eskola 2020-21 ikasturterako irekiko dute. Gaur egun gizarte zerbitzuak eskaintzen diren lokalean jarriko dute. «Auzoa sortu zenetik eskatu dute haurrentzako txoko bat, beste hainbat zerbitzurekin batera. Eskaera asebete ahal izango dugu», dio Insaustik. Azkenik, 2021-22 ikasturterako zabalduko dute Groseko haur eskola. Bilintx Gipuzkoako Urrutiko Batxilergo Institutuan kokatzea aurreikusi dute, Zemoria kalean. «Eraikinaren berrantolaketa egingo dute, eta beheko solairua libre geratuko da haur eskola bertan jartzeko».
Beste hiru baldintzatuta
Protokolo hitzarmenak beste hiru haur eskola irekitzeko aukera jasotzen du. «Eskariaren eta jaiotza tasaren arabera jarriko dira abian», zehaztu du Insaustik. Irizpide horiek jarraituz, 2022an Intxaurrondo Hegoan, 2023an Aieten eta 2024an Txomin Enean haur eskola bana eraikitzeko aukera adostu dute. «Intxaurrondok eta Aietek badute haur eskola, baina beste baten beharra sortu daiteke betetze maila altua dutelako. Hurrengo urteetako tendentzien arabera ikusiko da plaza kopurua handitzeko beharra dagoen», azaldu du Insaustik.
Txomin Eneako haur eskolaren kasua desberdina da. Sortzen ari den auzoa izanik, denborarekin jakin ahal izango dute haurrentzako eskola baten beharra dagoen. «Etxe berriak izango ditu eta zein erako auzoa sortzen den ikusi nahi dugu. Loiolako Erriberako esperientziak lagunduko digu zentzu horretan».
Milioi eta erdiko inbertsioa
Orixe ikastolan hobekuntza lanak egingo ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Milioi eta erdiko inbertsioa egingo dute Urgulleko eraikina egokitu eta handitzeko. Ikastolaren espazio falta eta ikasle pilaketa arintzen lagunduko du. «Beharreak ez ditu bere osotasunean asebeteko. Behar garrantzitsuenei, ordea, erantzuna emango die», esan du Insaustik.
Hainbat bilera egin ondoren, Orixeko zuzendaritzaren eskaerak aintzat hartu ditu Hezkuntza Sailak. «Zuzendaritzaren lana azpimarratzekoa da. Eztabaidaren erdian egotea egokitu zaie, eta oso fin aritu dira», azpimarratu du Insaustik. Adosturikoa ikastolako gurasoek ere berretsi dute. Ondorengo hobekuntza lanak egingo dituzte Urgulleko eraikinean: egungo jangela handitu, jolastoki handiak gehitu, solairuarte berria sortu eta hiru ikasgela berri sortu, azken solairuko terraza gaitu jolastoki bihurtzeko eta irisgarritasuna bermatuko duen igogailua.
Eraikina handitzerakoan Orixeko ikasleen berrantolaketa egingo dute. Gaur egun, 2 urtetik 8ra arteko haurrak daude Zuloaga ondoko eraikinean. Handitzerakoan, 6 eta 7 urteko ikasleak Lehen Hezkuntzako eraikina joango lirateke, Zuloagako eraikina Haur Hezkuntzarako soilik utzita.