'Euskaraldia'
Larraitz Lucas Martin; REALEKO FUTBOLARI OHIA.
Donostian 1982. urtean jaiotzea eta ama hizkuntza gaztelania izatea, normaltzat hartzen zen. Horri gehitzen badiozu gurasoak erdaldunak direla, ezer gutxi esan daiteke. Ikastetxera joan eta B ereduan ia dena euskaraz ikastea, zaila zen.
Argi dago gurasoek erabakitzen dugula gure seme-alaben ama hizkuntza zein izango den. Gaur egun modan dago, nahiz eta euskalduna izan, atzerriko hizkuntza erabiltzea etxeko txikiekin komunikatzeko. Argudioa, batzuek diotenez, hizkuntza hura ahalik eta azkarren barneratzea izango da.
Azaroaren 23tik abenduaren 3a arte, Euskaraldia izango da. 16 urtetik gorakoentzat zuzendua, hizkuntza aldarrikatzea, ohiturak berreskuratzea eta gure euskararekiko portaera aldatzeko aukera izango da. Ni ahobizi izango naiz. Nire ama hizkuntza gaztelania izanik, etxekoa euskara dela aldarrikatzea dut helburu.
Kilometroak pasa berri ditugu eta, nahiz eta eguraldiak ez lagundu, jende asko gerturatu zen Urretxu-Zumarragara euskara dela gure ama hizkuntza esatera. Euskararekin bat gaudela aldarrikatzera. Hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakienak hitz egiten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik.
Haurrek ikastoletan gero eta euskara maila baxuagoa dutela diogu. Irakaslea naiz eta ikastolan lan egiten dut. Ez da umeen errua: gurea da. Euskaraz hitz egiten ez diegulako, nahiz eta ondo hitz egiten badakigun.
Historiak dio 1000.urtean Vascones deitzen zen lurraldea, Nafarroa, Aragoiko zati bat, Bidasoa ibaiaren bokalea eta egungo Euskadi hartzen zuela. Han, diotenez, euskaraz aritzen ziren. Badira III. mendean topatutako euskaraz eginiko grafiti batzuk ere. Egun, 2018 urtearen azkeneko hiruhilekoan sartuta, gero eta euskal hiztun gutxiago gara. Euskara, hizkuntza gisa hartuta, hil egiten ari dela aitortu behar dut.
Euskaraldiak bultzada emango digu euskal hiztunei: gasolina emango digu borrokan jarraitzeko. Ahobizik belarripresti lagunduko dio eta, bide batez, belarriprestek ahobizi izateko indarra emango dio. Dena, mundu honetan, kate bat da. Denok bat eginda indartsuago izango gara.
Agian, egunen batean, gure seme-alaben seme-alabak euskaraz mintzatuko dira hizkuntza bat baino gehiago dela esateko. Erronka honetan heziko ditut nire bi alabak. Prest al zaude euskarari bultzada emateko?