Donostia azaroaren 18an
Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea? Hauxe da herritarrok erantzungo dugun galdera azaroaren 18an. “Erabakitzeko Eskubidea”. Hau izan da eta da herri honek daraman borrokaren zioa edo arrazoia; alegia, eskubide honen ukazioak sortzen dituen eta izan ditugun eta egun ditugun arazoen muina.
Ez du balio esateak Gure Esku Dagok herritarrei egin nahi dien galdera hau sinbolikoa dela, eta beraz ez duela balio handirik. Imajinatzen duzue Donostian galdeketa honen emaitza Gipuzkoako beste herri batzuetan lortu duen emaitza ( Azpeitian %39,38, Oñatin %35, Zestoan %42,59,…) lortzen badu zer eragin izango duen? Zer pentsatua emango liguke eta lieke askori. Batez ere, ehun urtetik gora hemengoak direla esan eta herri bat osatzen dugula ukatzen segitzen duten horiei?
Herri bat gara, nazio bat gara eta libre izan nahi dugu. Bada garaia herri izan nahi horretan, norabide horretan, pauso sendoak emateko. Hau da une horietako bat probestu behar duguna, gehiago inork ez dezan esan nazio bat ez garela.
Jean-Jacques Rousseauk zioen: “Demokrazian gertatu dena, ordezkariak hautatzen direla eta horiek inoiz ez dutela ordezkatuak diotena egiten, eta beraz hori ez dela demokrazia. Ordezkoak daudenean ez daude ordezkatuak, bestearen menpe daudelako. Burujabetza ezin da ordezkatua izan, ezin delako inoren menpeko izan” [Kontratu soziala, 3. liburua, 14. eta 15. atalak].
Badira herrialde aurreratuak, non gai askotarako erabiltzen duten galdeketa edo erreferenduna. Suitza Europan dago, herrialde aurreratua da eta konfederazio sistema batekin funtzionatzen du. Konfederazio horretan daudenek aukera dute nahi dutenean hortik irteteko. Hori da duten akordioa. Libre dira nahi dutenean kanpoan gelditzeko eta ondo doakie. Bada, herrialde horretan hauteskundeak egiten dituzte euren bizitzan sortzen diren gatazkak konpontzeko eta ez da arazorik sortzen. Horrela konpontzen dituzte arazoak.
Geuk ere, orain, egin nahi dugun galdeketa aurrera eramango dugu, eta hori eginez demokrazia zuzena deitzen dena egikarituko dugu. Gainera, horrela ohitura hartzen joango gara eta elkarbizitza hobea izango dugu. Azaroaren 18an izango den galdeketa dugu orain erronka. Galdeketa, esango genuke politiko-sozial esparruan kokatzen dela, baina, baditugu esparru horretatik at ditugun zenbait arazo mugimendu sozialetatik planteatzen datozenak. Horietako batzuk aipatzearren, hemen Donostian puri-purian ditugun batzuk hauek lirateke: metroa, erraustegia, zezenketak, turismo eredua… Zergatik ez egin galdeketak gai hauen inguruan? Ez al da hobea, demokratikoagoa ordezkariek erabakitzea baino herritar guztien artean egindako hauteskundearen bidez erabakitzea? Partaidetza benetakoa ez al litzateke hori gauzatzea izango, aurrez herritarrak behar bezala informatu eta metodologia egokiaz baliatuz guztiok geure iritzia eman ahal izatea?
Bueno, orain, guztiok animatu gaitezen geure boza ematera azaroaren 18ko galdeketan.