Euskaraldia, euskara Donostialdea ESIan sustatzeko aukera
Azken urteetan pazientean oinarritutako arreta sanitarioaren ikuspegia ari da gailentzen nazioarteko arlo sanitarioan, eta Osakidetzaren ildo estrategikoetan ere argi adierazten da pazienteek osatzen dutela osasungintzaren ardatz nagusia.
Hizkuntza izanik pertsonen artean komunikatzeko tresna behinena, arestian aipatzen den ereduan garrantzi itzela du hizkuntzaren erabilerak Donostialdea ESIko langileen eguneroko lanean, eta ildo beretik, gure Euskara Planaren printzipioen artean jasota dago arretaren kalitatea hobetzeko ezinbesteko erreminta dela euskara.
2006an lehenengo Euskara Plana martxan jarri zenetik, hainbat pauso eman dira. Besteak beste, dagokion euskara maila egiaztatua duten langileen ehunekoa hirukoiztu egin da, identifikazio sistemaren bidez erabiltzaileari erraztu egin zaio profesional elebidunak identifikatzea, eta «arretarako lehenetsitako hizkuntza» deritzon neurriaren bidez, pazienteak lehenetsitako hizkuntza jasotzen ari gara.
Aurrerapenak aurrerapen, bide luzea dugu oraindik euskarak erakundean dagokion lekua hartu dezan. Gurean ere, euskararen normalizazioak beste hainbat esparrutan topatu duen hesia aurkitu du, ezagutzatik erabilerarako jauzia, alegia; ez baikara inguruan dugun jendearengandik bereiztuta dagoen erakundea.
Dena den, ajeak partekatzeko ez ezik, konponbideak bilatzeko aukera eskaintzen digute erabiltzaile eta profesionalen elkargune diren osasun zentroek eta ospitaleek. Inolako zalantzarik gabe, erakundearen barruan plan eta programen bidez egiten ari garen ahaleginari biztanleen erabilera gehitzen ez badiogu normalizazio prozesua hanka-motz geratuko da, ez baitio eguneroko jardunak ematen dion bultzada emango.
Oso argi daukagu, hortaz, hizkuntzaren normalizazioarena elkarrekin egin beharreko bidea dela. Erabileraren gurpilari bi aldeetatik eraginez gero, mugimendua azkarragoa izango da eta arinago egingo du aurrera. Hain zuzen ere, Euskaraldiak ahalegin hori denok aldi berean egiteko aukera ematen digu, eta sendotasunez egiten badugu, etorkizunerako gurpila etengabe biraka aritzeko bidea emango digu. Beraz, izan gaitezen ahobizi edo belarriprest Donostialdea ESIan ere!
Lierni Lekuona, Donostialdea ESIko* zuzendariordea. (*Donostialdea ESIa Donostia ospitaleak eta Donostialdeako gainontzeko osasun zentroek osatzen duten Osakidetazko erakunde sanitario integratua da)