«‘Selfie’-ak jada ez dira autorretratuak; denok jarrera bera hartzen dugu kameraren aurrean»
Joseba Parron, argazkilaria
Txikitatik, argazkilaritza munduari begiratzeko tresna bat izan da Joseba Parronentzat; bere ikusizko laborategia da, bere baitan esperimentatzeko eremu intimoa. Zergatik gustatzen zaizu Kaxildara etortzea? Lehenbizi, nire auzoan dagoelako. San Martin kalekoa naiz, eta inguru hau asko aldatu da. Galdutako auzo hori aldarrikatu nahi dut, jada ez dagoelako jendea lasai egoteko tokirik, ez da arlo soziala lantzen. Amarak oraindik eusten dio bere izaerari, baina ni bi kale harago bizi naiz, eta erabat aldatu da. Lehen tailerrak genituen, betiko tabernak eta dendak, gehienok alokairuan bizi ginen, etxeko atariak irekita egoten ziren… Orain, aberatsentzako eta marka komertzialentzako auzoa da. Liburu denda ere bada Kaxilda. Irakurzalea zara? Bai, liburuzalea naiz, zinezalea ere bai. Kulturak ematen dizu aukera zure mundua sortzeko, eta besteek mundua nola jasotzen duten ikusteko. Poesia batek edo saiakera batek irudi asko iradokitzen dizkidate. Kultura askea da daukagun gauzarik preziatuenetako bat, horrek egiten gaitu libre; bestela, beti morroi izango gara. Hori horrela irakatsi zidaten etxean. Pessoaren poema bat aipatu duzu zure webguneko biografian, munduari begiratzeko moduari buruzkoa. Zergatik? Oso poesiazalea naiz, Pessoarena bereziki. Irudigintza interesatzen zait, begirada nola eraikitzen den. Uste dut nire argazki pribatuetan egiten dudana badela paisaiaren inguruko hausnarketa bat, eta argazkigintzak ematen dit aukera bat horretarako, mundua nola ulertzen dugun aztertzeko. Denon begiradarekin osatzen dugu errealitatetzat hartu dezakeguna, eta halere… oraindik geratuko zaizkigu ertz asko! Munduari jaioberria den haur baten begietatik begiratu beharko geniokeela diozu, lehen aldia izango balitz bezala. Uste dut gaur egun inoiz baino irudi gehiago ikusten ditugula. Atal honetan, Ines Garcia liburuzainak esaten zuen inoiz baino gehiago irakurtzen dugula. Eta egia da, inoiz baino testu eta irudi gehiago jasotzen ditugu. Iruditzen zait saturazioak dakarrela gure pertzepzio maila jaistea. Museo batean zaudenean ere gauza bera gertatzen da. Berriz pentsatu behar dugu zer ikusten dugun eta zer erakusten dugun. Gaur egun denok gara argazkilariak, eta hori oso ondo dago, baina horrek hausnarketa bat eskatzen du. Adibidez, askotan zalantzak izaten ditut. Argazki bat egiten dut leku batean, eta ez dakit lekua esan ala ez, masifikazioaren beldur naizelako. Zergatik dugu ‘selfie’-ak egiteko obsesio hori? Zergatik horrenbeste autorretratu? Bai, eta denok egiten ditugu modu berean. Bada Memeen teoria bat. Dawkinsek El gen egoista liburuan asmatu zuen teoria hau, genetikaren mundua eta bere funtzionamendua kultur mundura ekartzeko ahalegina egiten du. Kultura nola zabaltzen den aztertzen du. Ba hau ere joera bat da, denok jarrera bera hartzea kameraren aurrean. Argazki bat egiterakoan mingaina ateratzen dugunean bezala. Nondik datorren keinu hori? Kultura zabaltzeko modu bat bada kopiatzea, eta horrela gertatzen da. Selfie-ak jada ez dira autorretratuak, hori galdu egin dugu, denok jarrera bera hartzen dugu kameraren aurrean. Geure burua irudikatzeko modu bat gailendu da. Modak bezala dira. Momentu batean funtzionatzen dute, eta hobeto edo erosoago sentitzen gara horren barruan, kohesio horretan. Gainera, dena irudikatu nahi dugu. Argazkirik egin ez zaion txokorik geratzen al da munduan? Komunak ere leku aproposak dira! [barrez]. Uste dut lortu dutela sartzea gure poltsikoetan argazki kamera bat. Alde batetik, zerbait logikoa da, erabilterrazak dira, eta denok gorde nahi ditugu argazkiak. Baina hori guztia merkatu bihurtu da. Argazkiak zabaltzen ditugun aldiro, sare sozialen jabeak aberasten dira. Interes batzuk daude.Hau guztia bolumen izugarria hartzen ari da, eta hausnartu beharra dago. Gainera, horren prefabrikatuak bihurtuko dira irudi horiek, horren hutsalak izango dira, gu ere pertsona hutsalak izango garela. Posible da gure begirada garbitzea? Norberak gogoeta egin behar du. Denok eman dezakegu gure ikuspegi berezia, eta hori guztia galtzen ari gara. Batasun horrek estaltzen du bakoitzaren berezitasuna. Argazkilaritza zure laborategia da? Argazkiak egin ditut txikitatik; Bersan denda familiarena zen. Argazkilaritza izan da txikitatik izan dudan tresna bat munduari begiratzeko. Gero Arte Ederrak ikasi nituen, eta berehala komunikazioaren munduan hasi nintzen lanean. Halere, beti gorde nahi izan dut espazio pribatu bat esperimentatzeko, eta nik neuk ere aukera izateko nik mundua nola ikusten dudan ulertzeko. Gustatzen zait Duchampek esaten zuena, amateur izan nahi zuela beti. Askatasuna ematen dizu egiteko eta desegiteko: askatasun bat non ez zauden lotuta merkatu lege bati. Artearen merkatua ez dut maite. Egunen batean, agian, jan beharko ditut nire hitzak, baina… nik uste dut arteak baduela funtzio pertsonala eta soziala. Arte profesionalean dirua tartean sartzen denean beste interes batzuk sartzen dira jokoan. Argazkiak egiten dituzunean nondik abiatzen zara? Uste dut bilatzen ditudala begirada pausatzeko argazki batzuk. Espazio bat non zure begirada gal daitekeen, jolasteko aukera duen… Argazkia bera izatea toki bat burua hor barruan galtzeko. Natura gailentzen da zure irudietan. Hirian bertan argazkiak egiten dituzunean ere ia ez da ikusten ez zementurik, ez pertsonarik. Nik denboraren kapak ikusten ditut argazki horietan. Eta gu marratxo labur bat besterik ez gara. Niretzat dena da natura, baina horren sinetsita gaude gure gizatasunaren garrantziaz… Eta nik ikusten dudana da beste guztia dela erraldoia. Gu Donostian gaude, baina hemen duela urte asko natura zegoen. Eta etorkizunean gu ez gara hemen egongo, eta natura bai. Argazkilariak benetan bizi al du irudikatzen duen une hori? Buruak leku horretatik atera egiten zaitu, distantzia moduko bat hartu behar duelako gertatzen ari den hori aztertu eta ondo transmititzeko. Kontzertuetan, adibidez, arazoak daude kontzertua ikusteko, denok grabatzen ari garelako, eta nire ustez gaitz bat da. Ez gara gai platerean jan dugun horren zaporea gordetzeko. Gehiago da, hemen jan dut, argazkia egin dut eta ikus dadila hemen egon naizela. Edo parranda bat egitea, eta dena izatea poseak. Ez dira lapurtutako momentuak. Ikuskizun hutsa bihurtzen da dena. Lehen telebistatik zetorren ikuskizuna, baina orain guk sortzen dugu eta protagonistak gara. Oso polita izan zitekeen, baina ez kapitalismoaren legeen menpe. Denok sortzaile artista eta aktore sentituko bagina polita izango zen, baina ez da horrela.NATXOAK ETA GARAGARDOA. Non. Kaxilda. Arroka kalea, 2 (Amara) Prezioa. 4,20 euro.