Izarne Zelaia: 'Nire praktikaz, gure ohitura'
Euskararen aldeko ekintzak, txokolate janak, argazki kolektiboak, manifestaldiak, boleto saltzeak, bilerak, tonbolak, bertso afariak eta kantuak, udalekuak eta irakurraldiak. Haurra nintzenetik euskararen alde denetarik egin dudala esango nuke. Euskara biziberritzeko eta euskaldunak aktibatzeko halako milaka ekintzari esker iritsi gara egun gauden puntura.
Egiatar moduan, 2016an Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenean parte hartzeko aukera izan nuen eta horrek parada eskaini zidan beste modu batean aritzeko: euskarak espazio gehiago irabazi eta euskararen alde egotetik euskara egitera. Alegia, euskararen alde egotetik, euskara gehiago egitera pasa nintzen, eta hori da, hain zuzen, Euskaraldia, 11 egun euskaraz ariketa sozialak proposatzen duena.
Norbanako bakoitzak ditugun gaitasunekin esperimentatzea da helburua. Eguneroko inertziak aldatzeko eta parean dugunarekin zein hizkuntzatan egin nahi dugun adosteko aukerak eskainiko dizkigu, izan ahobizi ala belarriprest.
Bagerakideok ez dugu zalantzarik izan egitasmo honekin bat egiteko garaian; izan ere, euskalgintzak subjektu aktibo izan behar duela uste dugu euskararen erabilera areagotzeko bidean, eta bide kolektibo hori euskararen aldeko mugimendua osatzen dugun norbanako bakoitzaren egunerokoarekin eta bizipenekin lotzen diren abentura, praktika eta esperientziekin osatuko da, pertsonalak kolektiboan eragin zuzena duelako. Egiten dugunak egingo gaituelako. Ametsetako Donostia euskalduna irudikatzeko balio dezala Euskaraldiak.
Euskara erabiltzen eta ulertzen dugunon parte hartzea ezinbestekoa izango da horretarako. Milaka pertsonek aldi berean parte hartuko duten esperimentu honen parte izango naizela pentsatze hutsak emozioa eta zirrara sortzen didala ezin uka. Bakarrik baino lagunekin hobe delako bidea urratzea.