Izarne Zelaia: ‘Gorputz markatuak’

izarne-zelaia-webUrteen joanaz lagunen haurrak zein azkar hazten diren ikustean ohartzen da bat. Baina ingurura begiratu beharrik gabe, norbere gorputzean ere ikus ditzakegu urteak, hilabeteak, asteak eta egunak: lehen irribarre egitean soilik ateratzen zen eta orain masailean fosilduta dagoen zimurra; marroi eta horien artean dagoeneko disimulu gutxirekin agertzen diren urdindutako ileak; azalean nabarmendu diren orbainak; grabitatearen beheranzko eraginak. Mingainarekin masaila kanporantz bultzatu eta zimurra bete dut. Gero askatu. Berriro bultza. Mingaina atzera-aurrera darabilkit, nire adina aldiro ezkutatu- erakutsi, “buccalingusean”.

Zimurrak ederrak direla gogorarazi zidan amak halako batean. Urteen joana erakusten duten markak direla, garenaren testiguak. Eta ederra dela erretratu bat egitean zimurrak marraztea, beren xarma dutela, zimurrik gabekoek ez dutela halako nortasunik. Ordea, amari kontra egitea denez naturaren legea, esango dut badela marrazterik ez den zera bat, bistara zimurrik gabea izanagatik, baduena markarik eta nortasunik. Gainontzeko atalek bezainbeste urratu jasaten baitu, faringitisak, oihuen afoniak, kantatutako bertsoen dardarak, edo aitortu gabekoen korapiloak eramaten ditu berarekin.

Pasa den ostiralean entzun nuen lehenengoz ahots hura, Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketa pausatu batean. Negarrari eusten ahalegintzen zen ahots bat zen, bizitakoak iritsarazten zituen ahots bat, bibrazioekin ukitzera iristen zena. Bere ahizpa zenaren hilketaz mintzo zen. Nola duela 25 urte, Gurutze Iantzi ez zen Guardia Zibilaren eskuetatik bizirik irten. Aitortza ofizialik ez da izan. Ezta justiziarik ere. Gorputzean utzi zizkioten markek, baina, 25 urte geroago, bere ahizpa Izaskunen ahotsean diraute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend