Odile Arrieta: 'Traizioak iraultzeko prest?'
Txapelketa zaleak omen gara. Norgehiagokak ospakizun bilakatzen abilak. Orain gutxi auzoko jaietan
DNI jaurtiketa ospatu genuen. Zertarako? Naziotasun Agiri arrotzak geure egiten ez ditugula aldarrikatzeko. Nork urrutien jaurti, hark irabazi. Munduko errekorra 42 metrotan dago. 41 metro luze irabazleak auzoan.
Ez gara bizi, ordea, bainarik gabeko munduan. Lagun koadrila batek ez zuen zer jaurti. Ez dut uste kartera etxean ahaztuta etorri zirenik, etxerik ere ez baitute. Luxuzko gonbidatuak ziren txantxafrikarrak, oraindik jakitera eman ez zen arren, paella txapelketan bigarren gelditu zirenak.
Daukanak, ez daukanari, parte hartzearen izenean: amen. Eskurik esku hasi zen txartel festa: batari
Mugi txartela, besteari kreditu txartela, ondokoari Superbatekoa… Euskal Herriko Naziotasun Aitormena
(EHNA) ez ezik, beste guztiak jaurtitzea zilegi zen jai herrikoien errepublikatxoan.
Inoiz izan dugu EHNA kartera barruko aldaretxoan gordeta batzuok. Hala ere, lagun batek dioen bezala
euskaldun izateko ez da txartel zigilaturik behar. Euskal Herrian badugu ahozko tradizio bat gutxitan
egiten diguna traizio: kanpotarra euskaraz ikasten hasi orduko izendatzen dugu euskaldun berri.
Berri, ordea, noiz arte zara euskaldun berri? Horixe da, bada, tradizioak egiten digun traizioetako bat.
Dena den, tradizioak biziberrituz goxatzea dugu gustuko. Izango da horregatik ala ez, nolanahi ere, orain
bakoitzak erabaki lezake belarriprest, ahobizi, ala transbelarri izan nahi duen, edo zahar ala berri.
Gure Esku Dago egunerokoan nola eragin, nola traizioak irauli. Iraulitakoa ofizial egingo dugu azaroaren
18an. Hemendik aurrerakoa erabaki nahi dugun erabakiko dugu, elkarrekin Naziotasun Agiri arrotzak
jaurtiz hautestontzira. Egun ofiziala da 18a donostiarron egutegian. Txanpainak freskatzen hozkailuan,
norgehiagokak ospakizun bilakatzen ikasi baikenuen aspaldi.