Olatz Salvador: ‘2028ko azaroa’

olatz-salvadorEguzkia atera da eta buelta bat ematera noa. Kaira iritsi eta karrakelak jateko gutizia datorkit: Mariscos El Puertora noa zuzenean, egun Starbucks dela ahaztuta. Etsipenez, ingurura begiratu du ni nostalgiko batek. Duela 10 urte kontzertu bat jo nuen hemen, banda eta guzti, Donostiako Piraten jai gunean. Bai, bi hotel eta luxuzko jatetxe honen arteko triangelu honen erdian. Lehen bertan bainatzen ginen, gogoratzen? Arrantzaleen ontzi eta txalupa txikiak zeuden.

Urgullera igotzeko tentazioak hartu nau, baina sarrera ordaindu behar denetik kontraesanak sortzen zaizkit bertara joan nahi dudan bakoitzean. Alde Zaharrera noa, baina jada ez naiz tabernetan sartzen. Azken aldian 9€ kobratu zizkidaten zurito eta pintxo banagatik eta honi ere uko egitea erabaki nuen. Gogoratzen dut hemen zegoela hain kuttuna genuen Rekalde taberna. Bretxa ikustean oraindik irudika dezaket merkatu erraldoia eta mostradorera iritsi ere egiten ez zen Olatz txiki bat, harridurak jota. Oraintxe parean dut inguru honetan ireki zuten lehen Burger King-a. Arte erakusketen espazio bat zegoen lehen.

Bizikleta hartu eta banoa. Grosera iritsi eta parez pare daukat Miracruz S.L., Rural Kutxa eta Urgull higiezinen enpresek eraikitako etxebizitza blokea. Gogoratzen dut ia 1.000.000 euroan saldu zituztela hango etxeak, oraindik eraiki gabe zeudenean. Aurrerago, etxe gehiago, Uliaren magalean. Han zegoen Kortxoenea, nire bizitzan zapaldutako lehen oholtza zegoen gaztetxea. Bortizki eraitsi zituzten eraikina eta jende askoren proiektuak. Urteak pasa zituen hutsik. Nahiago zuten hori, auzotarrek beren jarduerak burutzea baino. Sinetsi dezakezu? Euren buruak gure hiria zeneko ordezkaritzat zutenak hiritarren eraikinak suntsitzen, hotelak eta luxuzko etxebizitzak eraikitzeko. Aieteko Munto baserria, Ondarretako Kanimar etxea, Jai Alaiko Eugenia etxea, San Bartolomeko Zerutxo etxea, Arte Ederrak, Zubieta 26… hiria saldu zuten.

Alde egin behar izan genuen. Zoruarekin nahikoa ez, eta lurra zulatu ziguten, tren geltokitik Kontxara dauden 5 minutuak gehiegitxo omen zirelako. Zirkua dirudi, ezta? Animaliak ere jarri zituzten, kulturaren izenean, plaza baten erdian torturatu eta hiltzeko. Protesta guztien gainetik egin zuten erraustegia ere, ‘Ingurumen Gunea’ deitu zioten! Ez zuten eskubiderik. Baina hiria saldu ziguten, eta pailazo, malabarista, txotxongilo bilakatu gintuzten, beraien barre algaren menpe.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend