Donostia bakarra da munduan, baina hiriko errealitate linguistikoa ez da bat bakarra. Auzo bakoitzean desberdina da euskararen presentzia, horregatik, bakoitza bere erara ari da Euskaraldia antolatzen. Gero eta hurbilago dago egitasmoa –azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da–, beraz, auzo guztietako euskara batzordeak buru-belarri ari dira lanean ahalik eta eragile eta auzotar gehien animatzeko asmoz.
Batzuek aurretik egin izan dituzte antzeko egitasmoak, beraz, horientzat Euskaraldia nolabaiteko jarraipena izango da. Egian, esaterako, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa egin zuten 2016an, Euskaraldiaren aurrekarietako bat izan zena. Añorgak jarraitu zion egitasmo hari, Añorgan Euskaraz Bizi Nahi Dugulako dinamika medio. Iaz beste bi auzo animatu ziren antzeko zerbait martxan jartzera: Altza Hadi egin zuten Altzan, eta Baietz 20 Egun Euskaraz Intxaurrondon prozesua Intxaurrondon. Guzti horientzat, beraz, auzoko parte hartzea areagotzea izango da erronka nagusia. Gainera,
belarriprest figura izango da gehienentzat berritasun nagusia, eta horretan indar berezia jarri beharko dute.
Beste auzo batzuentzako, ordea, Euskaraldia izango da euskararen aldeko lehen egitasmoa. Beraz, auzoko bizilagun eta eragile guztiei Euskaraldiaren mezua helaraztea izango da haien erronka, auzoa egitasmoan murgildu dadin.
Izen-ematea
Joan den irailaren 20an zabaldu zen Euskaraldian izena emateko epea, eta 16 urtetik gorako edonor apuntatu daiteke.
Ahobizi gisa izena ematen dutenek, hau da, euskara ulertu eta hitz egin dezaketenek, ahal duten guztietan euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko dute.
Belarriprestak, ordea, euskara ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonak dira, eta euskaraz hitz egiteko gonbidapena egingo diete gainontzekoei. Horrela, euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza ohiturak aldatzea izango da helburua.
«Euskara edonon hitz egin daitekeela pentsatu dezakezu, baina erronka hori hartuz gero, ikusiko duzu ez dela horrela»
Beñat Mitxelena, Aiete
Nola ari zarete Euskaraldia prestatzen?
Bagera Elkartekoek Euskaraldia aurkeztu zigutenean, guk, euskara batzordeak, deialdi orokor bat egin genuen auzotarrentzat. Bertan, Euskaraldia zer den azaldu genuen, eta hurrengo bilerarako data zehaztu genuen. Bigarren bileran, Euskaraldira begira zer egin zehazten hasi ginen. San Juan suan, esaterako, berriz ere Euskaraldia zer den azaldu genuen, eta
ahobizi eta
belarriprest pegatinak jarri genituen soinean, nolabait proba bat egiteko. Orain izen ematea sustatu behar dugu.
Zein helburu duzue Euskaraldirako?
Batez ere jendea kontzientziatzea espero dugu. Izan ere, mundu guztiak esaten du euskara sustatu behar dela, baina askoz gehiago egin behar dela iruditzen zait. Beraz, ea Euskaraldiak jendea kontzientziatzen duen eta euskara hitz egitera bultzatzen duen.
Euskaraldiak badu bereizgarririk?
Nik uste dut batez ere ahaldundu egiten zarela, euskara praktikan jartzen baituzu. Bestalde, egitasmo honekin euskararen egoerarekin gehiago kontzientziatzen zara. Izan ere, euskara edonon hitz egin daitekeela pentsatu dezakezu, baina erronka hori hartuz gero, ikusiko duzu ez dela horrela, trabak daudela, hain zuzen.
«Euskaraldiak beste esfortzu bat eskatzen du barne mailan, bakoitzak bere etxean ere lan egin behar baitu»
Haritz Lasa, Amara Berri
Zein da zuen helburua Euskaraldirako?
Auzoan ahalik eta
ahobizi eta
belarriprest gehien lortzea da gure helburu nagusia, horretarako ahalik eta izen emate gehien egotea lortuz. Bestalde, Berritsu Euskara Elkartea indartuta ateratzea espero dugu, eta barne mailan horri begira ari gara lanean.
Nola ari zarete egitasmoa antolatzen?
Aurreko ikasturte bukaeran bi asanblada ireki egin genituen, eta bertan bost edo sei eragile batu ziren Euskaraldira. Orain hirugarren asanblada egin dugu, eta ahalik eta eragile gehien batzea espero dugu. Euskaraldia iritsi bitartean, izen emateak sustatzen egongo gara.
Garrantzitsuak iruditzen al zaizkizue horrelako egitasmoak?
Bai, noski, oso garrantzitsuak dira. Kasu honetan, gainera, Euskaraldiak beste esfortzu bat eskatzen du barne mailan, bakoitzak bere etxean ere lan egin behar baitu. Oro har, Euskaraldiak beste egitasmo batzuek baino izaera pertsonalagoa duela iruditzen zait.
Euskaraldirako gogoz egongo zarete.
Bai, oso gogotsu gaude. Auzoan oso harrera ona izatea espero dugu, oinarri oso sendoak ditugulako. Oinarri sendo horietatik abiatuz, ateak ireki nahi dizkiegu parte hartu nahi duten eragile eta pertsona guztiei.
«Altzan euskaldun gutxi garela pentsatu daiteke, baina ez da egia. Ohiturak gaztelaniaz egitera eramaten gaitu askotan»
Jose Angel Apaolaza, Altza
Iaz Altza Hadi egitasmoa egin zenuten auzoan, Euskaraldia antzekoa izango da?
Altzatarrontzat Altza Hadiren jarraipena izango da Euskaraldia, eta gure lan eskema oso antzekoa izango da. Bertan ere
ahobizi eta
belarriprest figurak egon ziren, izena emateko antzeko aukera egon zen, eta gure balorazioa ona izan zen. Oraingoan, Donostiako koordinazioan gehiago murgildu gara.
Zein da zuen helburua Euskaraldirako?
Gutxienez iaz izena eman zutenek errepikatzea espero dugu, baina baita pixka bat haratago joatea ere. Izan ere, babes instituzionalak eragina dauka beti, eta jende gehiagorengana iristen dira horrelako gauzak. Guk maila txikiagoan egiten dugu lan, eta espero dugu Altzan bizi den eta gure mezua hain erraz iristen ez zaion jendeari mezua beste kanal horietatik iristea.
Altzako hizkuntza ohiturak aldatzeko beharra dagoela uste duzue?
Zalantzarik gabe. Altzan euskaldun gutxi garela pentsatu daiteke, baina ez da egia. Ohiturak, ordea, gaztelaniaz hitz egitera eramaten gaitu askotan. Zentzu horretan, horrelako egitasmoek hizkuntza ohitura hori aldatzeko balio dute. Iaz komertzio eta tabernak asko inplikatu ziren horretarako, eta oso jarrera baikorra izan zuten.
«Korrikaz aparte, Euskal Herri mailan euskararen alde egingo den egitasmo handiena da Euskaraldia»
Nerea Txapartegi, Egia
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa Euskaraldiaren aitzindaria da.
Bai, hala diote behintzat. Egian ikusi zen euskaraz lehen hitza esateak euskara gehiago egiteko aukerak eskaini zitzakeela. Dirudienez, Eusko Jaurlaritzari egitasmoaren aurkezpena egin zioten, interesgarria iruditu zitzaien, eta Euskaraldiraino iritsi gara.
Euskaraldiak Egian ildo beretik joko du?
Desberdintasun batzuk ditu. Gure egitasmoan lehen hitza beti euskaraz egiten genuen, eta besteak erantzuten zuenaren arabera, guk ahal genuen guztian euskarari eusten genion. Oraingoan, belarriprest figura izango dugu, eta aukera gehiago ematen ditu horrek.
Nola ari zarete Euskaraldia prestatzen?
Maiatzean aurkezpena egin genuen auzoan, eta gure oinarria auzoko eragileak dira. Beraz, proposamenak eta ekarpenak egiten dira Euskara Batzordean, eta proposamen horiek auzoko eragileei aurkezten zaizkie, parte hartzera animatuz.
Gogoz egongo zarete Euskaraldirako.
Bai, nik uste dut ilusioa dela hitza. Izan ere, Korrikaz aparte Euskal Herri mailan euskararen alde egingo den egitasmo handiena da Euskaraldia. Laster gainean izango dugu, eta erronka da auzoko eragileei egitasmoa helaraztea eta parte hartzea sustatzea.
«Jende asko ‘ahobizi’ izaten saiatzen da, baina ‘belarriprestak’ animatu behar ditugu batez ere»
Amaia Illarreta, Intxaurrondo
Baietz 20 Egun Euskaraz Intxaurrondon egitasmoaren ildo beretik jarraituko du Euskaraldiak auzoan?
Iaz erronka hori bota genion auzoari. Bertan, auzotarrek nolabait astebeteko konpromisoa hartzen zuten, eta nahi zuenak jarraitzen zuen. Lasarteko eredua jarraituz, ahobizi figuraren irudiak egin genituen. Orain, ordea, belarriprest figura ere izango dugu. Euskaraldiarekin konpromisoa hamaika egunetan hartu behar da, beraz, badago iazkotik salto bat. Auzoko batzarretik eragile guztietara iritsi nahi dugu mezua zabaltzeko, eta hori batzarretik sortutako talde motor bat bideratzen ari da.
Zer helburu duzue Euskaraldirako?
Ahalik eta auzotar gehien egitasmora batzea, auzoko euskararen erabilera sustatzeko. Jende asko ahobizi izaten saiatzen da, baina Belarriprestak animatu behar ditugu gehien. Izan ere, jende asko daukagu inguruan belarriprest izan daitekeena, eta izugarri eskertzen da horrelako jendeak jarrera hori azaltzea.
Badu bereizgarririk Euskaraldiak?
Guretzat egindakoaren jarraipena izango da, baina Euskal Herri mailan egiteak indar gehiago ematen dio. Auzotarren artean harrera ona izango du, ziur.